Aralarrek baiezkoa emango die EAri, Alternatibari eta ezker abertzaleari

Zuzendaritzaren proposamenaren alde 140 batzarkidek eman dute botoa, 80k aurka, batek zuri, eta zazpi abstenitu egin diraBat egin duten alderdiek bilerak egiten jarraituko dute, akordioa sendotzeko asmoz

Aralarren Hegoaldeko Batzarra, atzo, Artikako Kultur Etxean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Artika
2011ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Baiezkoa. Zuzendaritzak egindako proposamenaren alde egin du Aralarren Hegoaldeko Batzarrak Artikako Kultur Etxean (Berriobeiti, Nafarroa) egindako bileran, eta, ondorioz, oniritzia eman diote alderdiko kideek azaroaren 20ko hauteskundeetara EArekin, Alternatibarekin eta ezker abertzalearekin batera aurkezteko aukerari. Aralarreko 140 kidek eman dute proposamenaren aldeko botoa, hau da, batzarkideen %61,4k; 80k ezezkoa eman dute; bertze zazpi abstenitu egin dira, eta batek boto zuria eman du. Bozketa sekretua izan da.

Berrehundik gora batzarkidek parte hartu dute bileran. Zuzendaritzak, batetik, EArekin, Alternatibarekin eta ezker abertzalearekin adostutako akordio oinarria defendatu du batzarkideen aurrean; bestetik, batzarkideek aurkeztutako zuzenketak eztabaidatu dituzte. Zuzenketa horiek Aralarrek hilaren 17an eginen duen kongresuan eztabaidatuko dituzte, berriz ere, horretarako boto kopuru nahikoa lortu baitute denek. Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak «positibotzat eta aberasgarritzat» jo du batzarkideen arteko eztabaida.

Ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin hitzartutako akordio oinarriaren testuari buruz ez du deus aurreratu nahi izan Zabaletak, baina testuak ukitzen dituen hainbat gai eta auzi aipatu ditu: «Programari eta parte hartzeko moduei buruz ari da agiria; Nafarroari, eta Nafarroaren gaitasun politikoei buruz; bakegintzari buruz eta normalizazioari buruz, bai eta gizarte politikei, ingurumenarekin lotutako politikei eta ezkerreko politikei buruz ere».

Ezker abertzalearen, EAren, Alternatibaren eta Aralarren negoziazioak abiatu zirenetik, NaBairen etorkizunaren auzia mahai gainean egon da. Asteon bertan Zabaltzen osatu dute koalizioko hainbat independentek, eta berretsi dute NaBai «ezinbertzekoa» dela. Hiru alderdien proposamenari baiezkoa eman eta gero, NaBai mintzagai izan du Patxi Zabaletak ere, eta argi utzi du Aralarrek onartu berri duen proposamena irekita dagoela NaBai osatzen duten gainerako kideentzat, «bai eta NaBaitik kanpoko gainerako indar aurrerakoientzat ere».

Ildo horretan, indar gehiago batzeko asmoa ez duela bazter utziko erran du Patxi Zabaletak, «oraingo proposamenak duela zortzi urte NaBai sortu zeneko espiritu bera baitu». «Espiritu berarekin egiten dugun apustu ireki eta zaila da hau», gaineratu du.

Batzarkideek onartutako proposamena kudeatzea izanen da orain Aralarren erronka, Zabaletaren hitzetan. Jarraitu beharreko bideaz hainbat zertzelada eskaini du: «Hegoalde osoan gauzatu nahi dugu. Nafarroan izen propioa izanen du, berezko ezaugarriak izanen ditu, eta nafarren erabaki politikoa errespetatuko du». Nafarroak dituen berezko ezaugarri horiek akordio zabalago batekin uztar daitezkeela uste du Zabaletak.

Bilera gehiago

Aralarreko batzarkideek ezker abertzalearekin, EArekin eta Alternatibarekin bat egiteko proposamenari baiezkoa eman eta gero, bat egin duten lau taldeek prentsa ohar adostu bat plazaratu dute, eta bertan berretsi dute beren arteko akordioa sendotzeko asmoz bilerak egiten jarraituko dutela datozen asteotan.

Bilera horien helburua garbia da, EAk, Alternatibak, ezker abertzaleak eta Aralarrek euren oharrean azpimarratu dutenez: «Estatuko erakunde nagusietan Euskal Herriak nazio gisa dituen interesak defendatuko dituen eskaintza aurkeztu nahi diogu gizarteari».

Alderdiok akordioaren bidetik aurrera egiteko borondatea berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.