Aralarrek EAEko aurrekontuen bidea eten nahi du, euskaraz ez dagoelako dena

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiaren ustez, «txikikeria batek» ezin du tramitazioa blokeatu

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Aralarrek EAEko aurrekontuen tramitazioa eteteko eskatu dio Eusko Legebiltzarreko mahaiari, hizkuntz eskubideak urratu direla argudiatuta. Mikel Basabe legebiltzarkideak salatu du Osasun Sailari aurrekontuen inguruan idatziz igorri zizkioten galderen erantzunak soilik gaztelaniaz jaso dituztela. Horregatik eskatudute geratzea. «Errespetu falta bat da euskaraz galdetu duenari gaztelania hutsez erantzutea. Gainera ez dator bat legebiltzarreko araudiarekin, ezta EAEko legediarekin ere. Hemen bi hizkuntza ofizial ditugu, eta eskubidea dugu administrazioekiko hartu-emanetarako hizkuntza aukeratzeko».

Basabek nabarmendu du ez dela halako zerbait gertatzen zaien lehen aldia. «Orain dela hilabete eskas, Osasun Sailak berak gaztelania hutsez bidali ziguntxosten informatibo bat. Gainera, argitu gabe segitzen dute Poliziaren Legearen laugarren aldaketaren tramitea, han ere ez baitzitzaigun behar bezala igorri informazioa».

Duela aste batzuk, gainera, kontrakoa gertatu zen Eusko Legebiltzarrean. Saio bat eten zuten agiri bat euskara hutsez egoteagatik. Gizarte Politika eta Berdintasun Batzordean izan zen. PPk egin zuen eskaria, eta batzorde buruak —PSE-EEko legebiltzarkide bat—onartu egin zuen. Basabek orduan salatu zuen dokumentuak gaztelania hutsez jasotzean ez zela berdin jokatzen.

Aralarrek egindako eskariari buruz galdetuta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak gogorarazi zuen aurrekontuen gaia «oso serioa» dela. Hala,tramitazioa etetearen aurka azaldu zen. «Arazoa hori egin gabe konpon daiteke. Txikikeria edo arazo burokratiko jakin batek ezin du aurrekontuen tramitazioa blokeatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.