Aralarrek Raxoiren gobernuaren «arduragabekeria» salatu du

Konponbide prozesuan eta alor ekonomikoan hala jarraituz gero planto egiteko eskatu die Lopezi eta Barcinari

Erredakzioa
Bilbo
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak eta, bereziki, Mariano Raxoi gobernuburuak konponbide prozesuan eta alor ekonomikoan erakusten ari den «arduragabekeria» salatu du Aralarrek. Hala jarraituz gero, planto egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Aralarren Hegoaldeko Batzarrak bilera egin zuen atzo, Bilbon, eta konponbide prozesua eta krisialdi ekonomikoa izan zituzten aztergai. Alor ekonomikoari dagokionez, Raxoiren aurka gogor jo zuen Zabaletak. «Sozialki zein ekonomikoki kaltegarriak» diren neurriak hartzea leporatu zion, eta arlo horretan ere Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bestela jokatu behar dutela nabarmendu zuen. «Hemengo gobernuei dei zuzena egin nahi diegu: baldin eta Madrilgo Gobernuak ez badu murrizketen gorabehereetan bere jarrera zuzentzen, har ditzatela hemendik neurri horiek. Patxi Lopezek eta Yolanda Barcinak herritarren eskubideak defenditu behar dituzte, baina ez dira ausardiaz jokatzen ari», nabarmendu zuen Aralarreko koordinatzailea.

Espetxe politika

Sei hilabete igaro dira ETAk bere jardunaren amaiera iragarri zuenetik, eta, Zabaletaren iritzian, Espainiako Gobernuak ez du erabaki hori egiaztatzeko urratsik egin. «Dei egin nahi diogu Espainiako Estatuari eta Jaurlaritzari zein Nafarroako Gobernuei esku har dezaten egiaztatze prozesuan». «Horrek izan behar du, erantzukizunez eta arduraz jokatuz gero, ETAren deuseztatzea eskatu aurretik egin beharrekoa», adierazi du. Egiaztatze prozesuan parte hartzearekin bat, Aralarreko buruzagiak Espainiako Gobernuari eskatu dio espetxe politika «erro-errotik» aldatzeko, eta «salbuespeneko legeak» bertan behera uzteko.

Bestalde, eta kazetarien galderei erantzunez, Aralarreko koordinatzaileak adierazi du ez duela berririk jaso Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarberen aldetik. Joan den astean, alderdiaren Berme Batzordeak «oso larritzat» jo zuen haien jokamoldea, eta hirurak alderditik kanporatzea proposatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.