Aralarreko zuzendaritzak koalizio abertzale «zabal eta zibil» baten alde lanean jarraitzeko borondatea erakutsi du. Patxi Zabaleta koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, dagoeneko hitz egiten ari dira beste eragileekin, baina aurrera jarraitzeko «beharrezkoa» da alderdikideen oniritzia. Martxoaren 3an Gasteizen egingo duten Hegoaldeko ohiko batzarrean, alderdiko kideei babesa eskatuko die Amaiur koalizioa osatzen duten beste alderdiekin —ezker abertzalea, EA eta Alternatiba— harremanak sendotzen jarraitzeko. Are gehiago, Euskal Herri osoko akordio estrategiko bati begira, Abertzaleen Batasunarekin negoziazioak abiaraztea ere proposatuko dute. Egingo duten ohiko batzarraren nondik norakoak azaltzeko prentsaurreko bat eman zuten atzo, Donostian, Zabaletak, Rebeka Ubera antolaketa idazkariak eta Igor Lopez de Munain Arabako koordinatzaileak.
Uberaren arabera, batzarrean jorratu behar dute aurrera begirako erronkei nola erantzun: «Bakegintza politikoan egin diren urratsak eta egin ez direnak aztertu behar ditugu; eta, aurrera begira, zer egin eta nola jokatu ere bai». Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei dagokienez, Zabaletak gogoratu du Espainiako Kongresurako hauteskundeetan Amaiurrek lortutako emaitzak, «ezker abertzale pluralak» inoiz lortu dituen emaitzarik onenak izan direla: «Herritarrek erakutsi digute jarraitu behar dugun norabidea». Aralarreko zuzendaritzaren iritzian, Amaiurren orain arteko ibilbidea «positiboa» izan da. Eta hurrengo hauteskundeei begira, koalizioko beste alderdiekin «ñabardurak» adostu behar dituzte: programari dagozkionak , zerrendak, kanpaina...
Lehendakarigai moduan Arnaldo Otegiz galdetuta, Patxi Zabaletak erantzun du Aralarrek inori ez diola betorik ezarriko: «Otegik baditu balio batzuk pertsona eta politikari moduan. Ikur bat da herri hau egiten den bidean». Hala ere, eztabaida hori oraindik ez dagoela mahai gainean adierazi du Zabaletak.
Koalizioak, hiru helburu
Ezker abertzaleko Rufi Etxeberriak ere baieztatudu Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara koalizioan aurkezteko asmoa dutela ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak. Radio Euskadin azaldu duenez, hiru izango dira koalizioaren helburuak: bakea, burujabetasuna eta ongizatea lortzea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrentzat. Nazio mailako akordio estrategiko bat lortzeko lanean ari direla esan du Etxeberriak; akordio horretan, parte hartuko luke Abertzaleen Batasunak ere.
Aralarreko zuzendaritzak Amaiur koalizioa sendotzea proposatuko du
Abertzaleen Batasuna gehituta, Euskal Herri osoko akordio estrategiko bat ere egin nahi du Aralarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu