Aralarren estatutu berrien proposamemaren aurka Nafarroako hamar afiliatuk aurkeztutako osoko zuzenketak babes txikia jaso du VI. biltzarrean, Bilboko Itxas museoan bildutako afiliatuen %13,88k eman diotelako sostengua. Osoko zuzenketaren kontra bozkatu dute %65,74k, eta abstentzioa %20,37koa izan da. Estatutu berriekin Nafarroako Aralarren erabaki ahalmena desagertu egingo dela uste dute izenpetzaileek, eta Hegoalde mailan hartuko direla erabakiak.
Ofizialki, Txentxo Jimenez, Pablo Azkona, Mikel Azkona, Mikel Nuin, Felix Esparza, Floren Luki, Arantxa Elkarte, Pedro Huarte, Zutoia Toral eta Inma del Riok aurkeztu dute osoko zuzenketa. Biltzarreko lehen jardunaldiko goizeko saioa eztabaida horrekin eman dute, nagusiki. Arratsaldean segitu du kongresuak, eta izandako bozketan emaitzak aurreko joerakoak izan dira.
Gaur, zuzendaritzak prestaturiko estatutu berriei eta txosten politikoari afiliatuek egindako zuzenketak ari dira bozkatzen. Prozesuan denera 181 zuzenketa aurkeztu dituzte. Haietatik 110 adostu egin ditu zuzendaritzak, 29 erretiratu egin dira eta gaurko saioaren aurretik 42 zeuden adostu gabe. Aralarrek ohar batean esan du estatutu berrien eztabaidan, osoko zuzenketaz gain, 30 partzial aurkeztu dituztela afiliatuek. Txosten politikoko eztabaidan, zortzi partzial.
Gaur zortzi, Iruñean, estatutuak eta txosten politikoa bozkatuko dituzte, eta zuzendaritza aukeratuko dute.
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak eguerdian hedabideen aurrean adierazi eztabaida modu “lasai eta sosegatuan” egiten ari direla. “Egiten ari garen eztabaidaren azpian dago egoera politiko berriri buruz Aralarrek egin behar dituen egokitzapenak, eta egokitzapen horien artean etorkizuneko ezker abertzalea, guk beti zibil eta zabal defendatu dugun hori eraikitzeko gure ekarpena egitea. Ikusita orain EH Bilduren baitan egiten dugun politika, orain hango alderdiekin dugun egitura estrategiko eta iraunkorra lehenetsi behar dira eta egitura horren baitan hartu behar dira erabaki nagusiak eguneroko politikagintzarako. Horretara egokitu behar da alderdiaren araudia”.
Aurrerantzean, ohorezko presidentea eta idazkari nagusia
Gaur egun Aralar egunerokoan hiru karguk gidatzen dute: koordinatzaile nagusiak –hasieratik, Zabaleta da–, koordinatzaileordeak –2011tik, Dani Maeztu– eta Antolaketa idazkariak –2009tik, Rebeka Ubera–. Estatutu berrien arabera, ardura haiek kendu egingo lituzkete, ohorezko presidentea eta idazkari nagusia jartzeko. Azkenak —"ordezkari politiko gorenak"— gidatuko luke Aralar.
Zuzendaritzak hilaren 15ean proposatuko ditu izenak. Zabaletak iragarria du utzi egingo duela arduradun kargua; dena dela, ziurtzat jo daiteke hura izendatuko dutela ohorezko presidente.