Defentsa eskubideak urratu zitzaizkiolakoan, Eñaut Aramendiurruñarraren atxiloaldia baliogabetu du Pariseko Dei Gortearen Instrukzio Ganberak. Erabaki hau aurrekaria da, galdeketaren erreforma euskal militante politiko baten dosierrean kontuan hartzen den lehen aldia delako. Informazioa plazaratu zuten atzo Kazeta.info eta Gara komunikabideek. Erabaki horren berririk ez zuen atzo arratsaldean Aramendik berak, eta gaur bildu behar du bere abokatuekin. Haatik, dakiena da dosierreko elementu batzuk deuseztatuak izan direla.
Atxiloaldian abokatua ikusteko eskubidea eta isilik egoteko aukera bazuela ez zitzaionez zehaztua izan, prozeduraren deuseztatzea eskatu zuten Aramendiren abokatuek azaroan. Eskaera kontuan harturik, eskubideak ez zirela bermatuak izan ondorioztatu zuen ekainaren 10ean Instrukzio Ganberak, komunikabideek zehaztu dutenez. Hori dela eta, atxiloketaldian egin adierazpenek baliorik ez dute, eta presondegitik atera geroztik zituen baldintza gogorrak ere kenduak izan zaizkio. Iazko maiatzaren 20tik 25ra galdekatu zuten euskal militantea, eta presio psikologikoak jasan zituela ohartarazi zion orduan epaileari. Maiatzaren 17an askatu zuten, kasik urte bat preso egon ondoren.
Legedia erreformatu beharra
Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak beharturik, Frantziako Kasazio Korteak erabaki zuen ordura arteko legediaren erreformatzea, aurtengo apirilaren 15ean. Europak gogor kritikatu zituen ordura arte ziren atxiloketaldien baldintzak, galdeketak abokatuaren presentzia gabe burutzen zirelako.
Ekainaren 1az geroztik egoera aldatu da, eta defentsa eskubideak urratuak izan badira atxiloketaldiaren deuseztatzea eskatzeko aukera badago.
Hala eta guztiz ere, «terrorismoari» loturiko dosierretan, abokatuaren presentzia 48 edo 72 orduz atzeratua izateko aukera dute poliziek. Atzeratze horiek ez dira sistematikoak; 48 orduentzat prokuradoreak du erabakitzen eta bi eguneko galdeketatik aitzina, Askatasunen epaileak edo Instrukzio epaileak du atzeratzea agintzen. Horrez gain, bi epaile horiek hautatu abokatua deitzeko aukera badute ere.
Aramendiren eskubideak urratu zituztela ebatzi dute
Galdeketen erreforma kontuan harturik, Eñaut Aramendiren atxiloaldia baliogabetu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu