Aranak EBren «zatiketa» gauzatutzat joko du bihar

IUren mehatxuei ez entzunarena egin, eta Kontseilu Politikoak ezohiko batzarra egingo du bihar

2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusiak alderdiaren «zatiketa» gauzatutzat emango du bihar IU Izquierda Unidaren Zuzendaritza Federalaren babesarekin. IUk azaldu du «Ezker Batuko kritikoak» alderditik kanpo geratuko direla Kontseilu Politikoak deitutako ezohiko batzarrean parte hartzen badute. Izan ere,beren esanetan, batzar hori ezin da egin «arrazoi organiko, politiko eta estatutarioengatik». Hori guztia jakinarazteko, gainera, EBko militante guztiei gutun bat bidali die.

Alabaina, batzarra ez da bertan behera geratu oraingoz, eta Jose Navas Kontseilu Politikoko kideak ez du horretarako asmorik. Zuzendaritza federalak onartzen ez badu ere, Navasek dio EBren VIII. Batzar Orokorra urriaren 1ean egingo dutela, eta, azaldu du batzarrera deitzeko eskubidea Kontseilu Politikoarena dela, eta ez beste inorena.

IUren barruan batzar horrek tirabirak sor ditzake, Gaspar Llamazares Espainiako Kongresuko IUren diputatuak eta beste bi kidek batzarrean parte hartzeko asmoa dutelako. Hori saihesteko, baina, IU bere alderdikideak konbentzitzen saiatu da, batzarrera joateak IUren barne zatiketa sor dezakeelako.

Aspaldiko arazoak

Ezker Batuaren barne arazoak aspalditik datoz; hain zuzen ere, 2009ko EAEko hauteskundeetatik. Ordurako EBko 26 militantek alderdia utzi zuten, eta hauteskunde horietan lortutako emaitza «txarrek» ere bere eragina izan zuten.

Izan ere, Javier Madrazok koordinatzaile nagusi kargua alderdiaren esku utzi zuen, eta alderdi barnean sektore ofizialak zioenaren aurkako ahotsak indarra hartzen hasi ziren. Madrazoren dimisioaren ondoren egindako batzarrean, Arana izendatu zuten koordinatzaile nagusi. Baina, orduko hartan ere, boto eskubidea zuten Kontseilu Politikoko 25 ordezkarik ez zuten parte hartu.

Hori hala, Aranak sektore ofizialak zioenaren kontrakoei «karguak uzteko» eskatu zien.

Baina, aurtengo udal eta foru hauteskundeen ostean, Araban gertatutakoak eragin nabarmena izan du alderdiaren barruan. Foru diputatua aukeratzeko negoziazio mahaietan —bi mahai paralelo baitzeuden—, alderdikideentzat karguak eta 600.000 euro eskatu zizkieten EAJri. Hala salatu zuen orduko ahaldun nagusi Xabier Agirrek.

Hori dela eta, eta alderdiaren zatiketa berri baten aurrean zeudela ikusita, Aranak azaroaren 12rako batzarrera deitu zuen, alderdia «birsortzeko». Kontseilu Politikoak, baina, beste batzar baterako deia egin zuen, urriaren 1erako. Hori bai, epaileak Aranak deitutako batzarra bertan behera uzteko agindu zuen, eta, hortaz, egingo den batzarra Kontseilu Politikoak deitutako da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.