EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak gogorarazi du bake prozesuan urratsak egiteko bide orri bat proposatu zuela iazko ekainean eta handik egun gutxira atxilotu zutela Aranalde: "Kasu honek argi erakusten digu torturak Euskal Herrian utzi duen eragina, euro aginduak betetzea ahalbidetzen duen injustizia. Bada garaia euskal iheslarion aurka modu berezian erabiltzen diren neurri juridikoak bertan behera utzi eta alde askotarikoen artean konponbide prozesua egituratzeko".
EIPK-k dei egin die herritarrei eta eragileei, "konponbidearen eta bake justu eta iraunkorra bermatuko duen eszenatoki demokratiko baten alde indarrak biderkatu eta lanean jarraitzeko". Bide horretan "salbuespen neurri bereziak gelditzea, torturapean egindako dosierrak indargabetzea eta euro aginduari bidea ixtea" jarri dute jomugan.
Aranalde iheslari eta EIPK Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidetzaren kidea espetxeratzeko gaur goizean agindu du Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Efe berri agentziak jakinarazi duenez.
Haren atxiloketa salatzeko eta aske utz dezatela eskatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Ibarran (Gipuzkoa). Azken 11 urteetan Iparraldean bizi izan da Aranalde, eta, jaiotzez gazteluarra izan arren, urte luzez Ibarra izan zuen bizileku. Gaur arratsaldean elkarretaratzea egin dute Hendaian, Aranalderen askatasunaren alde.
"Modu bortitzean"
Gotzone Ijurko Aranalderen emazteak BERRIAri azaldu dionez, Beskoitzen zeuden biak, Aranaldek mediku batekin egon behar zuelako. Atera zirenean, Baionarako bidean, autobidean, "auto pila bat" agertu zen, eta pistolarekin apuntatu zieten. "Autotik eskuburdinekin atera dute, modu bortitzean, eta eraman egin dute", azaldu du. Donostiako polizia etxetik deitu zioten gero Ijurkori, Aranalde han zegoela esanez.
Gaur manifestazioa egingo dute Ibarran, 20:00etan. Hendaian elkarretaratzea antolatu dute gaurko, 19:00etan, Kasino zaharrean.
Euroagindua tarteko
Gaurko atxiloketaren aurretik, Frantziako Poliziak iazko ekainaren 24an atxilotu zuen Aranalde, Heletan (Lapurdi), Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ekainaren 15ean egindako Herria Dugu Arnas ekitaldiaren ondotik, Espainiak egindako euroagindu eskari bat zela medio.
Aranalderen aurkako euroagindua onartu zuen Paueko Dei Auzitegiak iazko irailean; helegitea aurkeztu zioten erabakiari, baina Parisko Kasazio Gorteak ez zuen onartu. Ondorioz, ontzat eman zuen Espainiak egindako euroagindu eskaria.
Kasazio Gortearen erabaki horren aurrean, intsumisioa hautatu zuen Aranaldek, Espainiaratzea eragozteko. Espainiaratzeko agindua auzi politiko baten ondorio zela adierazi zuen, eta jasandako torturak salatu zituen. "Azken 50 urteetan torturatutako 7.000 lagun horietako bat naiz", esan zuen.
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak bat egin zuen Aranalderen jarrerarekin, eta babesa adierazi zion. Ipar Euskal Herriko 50 eragilek baino gehiagok izenpetu zuten haren aldeko agiria.