Politika

Arantza Quiroga izango da Eusko Legebiltzarreko presidente berria

Legebiltzarreko Mahaia Quirogaz (PP) gain, Blanca Roncal (PSE-EE) presidenteordea; Iñigo Iturrate (EAJ) bigarren presidenteordea; Jesus Loza (PSE-EE) idazkari nagusia; eta Mikel Martinez (EAJ) bigarren idazkariak osatuko dute. Aralar Mahaitik kanpo geratu da.

2009ko apirilaren 3a
17:54
Entzun
Eusko Jaurlaritzako bederatzigarren legegintzaldiari hasiera emateko inbestidura saioan Legebiltzarreko presidente berria hautatu dute: Arantza Quiroga (PP). 38 boto eskuratu ditu hautagai popularrak. Izaskun Bilbaok, aldiz, (EAJ) 36 boto eskuratu ditu. UPDk boto zuria eman du.

Gauzak horrela, lehen aldiz izango da PPko kide bat Eusko Legebiltzarreko presidente. "Egokitutako zeregina gogoz" beteko duela esan du Quirogak Presidente berri moduan egin dituen lehen adierazpenetan, eta "denen presidente" izateko lan egingo duela. Legebiltzarreko presidente modura egindako lehen hitzak euskaraz egin ditu Quirogak.

Gaurko inbestiduran Legebiltzarreko Mahaia ere osatua geratu da. Arantza Quiroga (PP) mahainguruarekin batera honakoak izango dira: Blanca Roncal (PSE-EE) presidenteordea; Iñigo Iturrate (EAJ) bigarren presidenteordea; Jesus Loza (PSE-EE) idazkari nagusia; eta Mikel Martinez (EAJ) bigarren idazkaria. EAJk bi mahaikide lortuta, Aralar Mahaitik kanpo geratu da eta, hortaz, Dani Maeztu hautagaia ez da bertan izango.

Eusko Legebiltzar berrian EAJk 30 eserleku izango ditu, PSE-EEk 25, PPk 13, Aralarrek 4, eta EAk, EBk eta UPDk bakarra. Lehen aldiz ezker abertzaleak ez du ordezkaritzarik izango, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan legez kanpo utzi baitzuten. Hain zuzen, ezker abertzaleko ordezkari batzuk Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean bildu dira, "Legebiltzar berria antidemokratikoa" izango dela salatzeko.

Gaurko saioaren eta lehendakaria izendatzeko osoko bilkuraren artean beste bi inbestidura egin beharko dituzte Eusko Legebiltzarrean. Lehenengoan bateraezintasun batzordeko kideak hautatuko dituzte eta bigarrengoan batzorde horrek emango duen txostena aztertuko dute.

Inbestidura saioa apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran egin dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.