HERRITARREN SEGURTASUNERAKO LEGEA

Arau-hauste "larria" izango da Espainiaren sinbolo edo ereserkiak "iraintzea"

Herritarren Segurtasunerako Lege aurreproiektua onartu du gaur Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Fernandez Diazek zehaztu du Espainiako bandera bat erretzeak 30.000 eurorainoko isuna izan dezakeela. Halaber, azaldu du libre geratu diren presoek ez luketela omenaldirik izango EAEn segurtasunaren eskumena Guardia Zibilak balu.

Bi kaputxadun Espainiako bandera bat erretzen, 2007an. A. C., ARP
jon olano
2013ko azaroaren 29a
19:21
Entzun

Lege ekimenaren inguruko xehetasunak eman ditu Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Besteak beste, lege proiektuak arau-hauste gisa jasotzen ditu Espainia, erkidegoak, tokiko administrazioak eta horien sinboloak eta ereserkiak "iraintzea". Arau-hauste "larria" izango da hori, eta, beraz, lege egitasmoak aurrera eginez gero, 30.000 eurorainoko isuna izan dezakete araua urratzen dutenek.

Euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenei eragin diezaiekeen arau-hauste berri bat ere tipifikatu du Madrilek. Arau-hauste "larria" izango dira "terrorismoa, gorrotoa, xenofobia, arrazismoa eta emakumeen kontrako indarkeria goratu, sustatu edo justifikatzen duten adierazpen publiko oro, idatzizkoak edo ahozkoak, baita banderen, sinboloen eta ikurren erabilera".

Orobat, presoei eginiko omenaldien nahiz haien argazkiak erakustearen kasuan, isunak jartzeko aukera izango du Madrilek deliturik egin ez bada.

Banderak erretzeaz galdetu diote Fernandez Diazi. Esan du delitu ez den kasuetan bandera bat erretzea arau-hauste administratibo "larria" dela, eta dagokion isuna izango duela. Hori hala, epaitegiek bandera bat erretzean deliturik ikusten ez badute ere, Espainiako Gobernuak aukera izango du isuna jartzeko.

600.000 eurorainoko isunak

Zazpi izango dira arau-hauste "oso larriak", eta 30.001 eurotik 600.000rainoko isunarekin zigortuko dituzte. Horietako batzuk berriak dira: herritarren segurtasuna nahastea ekitaldi publikoetan, kirol, erlijio eta kultur ekitaldietan —Zigor Kodean delitu izatetik kendu dute—; hauteskunde aurreko egunean edo egunean bertan manifestazioak antolatzea; argizko gailu batekin garraio batean proiektatzea eta, hala, istripu bat eragiteko arriskua sortzea; eta azpiegitura "kritikotzat" jotzen direnetan baimenik gabeko mobilizazioak egitea. Bi urteko epean hiru arau-hauste larri egitea ere arau-hauste oso larritzat joko da.

Manifestazioetara joateko janzkeran ere eragina izango du legeak, aurrera eginez gero. Lege proiektuak zehazki aipatzen du arau-hauste "larria" izango dela istiluetan "txanoekin, kaskoekin edo identifikazioa oztopatzen duten beste edozein objektu edo arroparekin" parte hartzea. 30.000 eurorainoko zigorra izango du horrek.

Lege egitasmoaren beste ezaugarrietako bat da txosten zigortzailea urtebetera iraungiko dela, ez sei hilabetera, orain gertatzen den bezala. Halaber, "herritarren segurtasunaren aurkako arau-hauste administratiboen erregistro" bat sortuko du Madrilek.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak esan duenez, "guztion eskubidea den segurtasuna bermatzeko araua" da Herritarren Segurtasunerako Legea, "elkarbizitza bermatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.