Egoera epidemiologikoa oraindik ere aski larria dela iritzita, Nafarroako zenbait herritan ezarria den itxiera perimetrala beste astebetez luzatzea erabaki du foru gobernuak. Zehazki, Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa, Alesbes eta Cadreita maiatzaren 6ra arte izanen dira itxirik. Ezin izanen da herrietan sartu ez eta haietatik atera ere, funtsezko arrazoiengatik ez bada. Cadreitari dagokionez, neurria apirilaren 9tik aitzina da indarrean; gainerako lauretan, berriz, hilaren 15etik.
Bestalde, Osasun Departamentuak jakinarazi du beste baheketa masibo bat eginen dela foru erkidegoan. Fiteron eginen dute, ostiralean. Bi adin tartetako herritarrei eginen dizkiete birusa atzemateko probak: 15 eta 29 artekoei eta 45 eta 64 artekoei.