Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkaria Radio Euskadin elkarrizketatu dute, eta bertan ziurtatu du PSE-EEn ez dagoela barne eztabaidarik Euskal Herriaren estatus politikoaren inguruan. Esan duenez, autogobernuaren inguruko eztabaida ez da "lehentasuna", baina PSE-EE "oso eroso" dago eztabaida horretan, "oso posizio argia" duelako: "Euskal gizartean akordio zabalak eta batzen gaituzten proiektuak bilatzea, Espainia eta Europa barneko elkarbizitzan oinarrituta".
"Gu proiektu independentista guztien kontra egongo gara, epeka edo berehala egin nahi dituztela ere", azaldu du Aresek. Halaber, espero du "inor" ez erortzea "euskal gizartea zatituko luketen proiektuak aurrera ateratzen saiatzeko tentazioan".
Aresek ohartarazi du PSE-EEn ez direla gertatuko PSCn izandako zatiketak —zuzendaritza utzi dute bederatzi kidek—. Haren hitzetan, zatiketa horiek "ziur aski" agerian utzi dute PSCko kide batzuk "sozialistak baino abertzaleagoak" direla eta "abertzaleen tesiak barneratzeko sindromean" erori direla.