Aresek dio Goirizelaia «gezurretan» ari dela, Ertzaintzari kalte egiteko

Cabacasen heriotzari buruz familiaren abokatuak esandakoa «larria» dela iritzi dio Herrizaingo sailburuak

Erredakzioa
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du «gezurra» dela Jone Goirizelaiak, Iñigo Cabacasen familiaren abokatuak, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz hildako gazte basauriarraren heriotzari buruz esandakoa. Aresen arabera, ikerketa hasi zutenetik abokatuak «estrategia bat» abiatu du Ertzaintzaren aurka egiteko, «abertzale erradikalek betitik egin duten moduan». «Hedabideei interesatu zaion informazioa eman die nik edo Ertzaintzako buruak emandako informazioa zalantzan jartzeko», salatu du Aresek. Gertatutakoa ezkutatzeko Ertzaintzaren argiketak manipulatu direla esan zuen Goirizelaiak herenegun, Cabacasen heriotza gogoratzeko Bilboko udaletxean udal taldeek gaztearen senide eta lagunekin eginiko elkarretaratzean. Abokatuaren adierazpen horiek «larriak eta asmo txarrekoak» direla adierazi du Herrizaingo sailburuak, prentsa ohar batean.

Era berean, adierazi du Iñigo Cabacasen heriotzaren ostean haren gurasoekin eta beste senide batzuekin bildu zela, eta hark eskatuta egin zutela, apirilaren 10ean, Goirizelaiaren bulegoan. Halaber, azken hilabeteetan Goirizelaiaren bitartez familiari beste bitan laguntza eskaini diola esan du, baina salatu du ez duela horri buruzko erantzunik jaso.

Familiaren erantzuna

Aresen adierazpenei erantzunez, Cabacasen familiak eta haren abokatuak prentsa ohar bat kaleratu zuten atzo arratsaldean. Auziaren «muinean» sartu nahi ez izatea leporatu zioten Herrizaingo sailburuari, eta «argudiorik gabe erasora jotzea». Orain arte esandako guztia berretsi zuen familiak, eta salatu herritarrek edo senideek eskatu diotenean soilik eman dituela azalpenak Aresek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.