Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Aresek dio sozialistak direla abertzaleen «inposizioen» aurkako bermea

PSE-EEren kanpainako arduradunak esan du hauteskunde hauetan «elkarbizitza eredua» dagoela jokoan

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan «euskal herritarren arteko elkarbizitza eredua dago jokoan», Rodolfo Ares PSE-EEren hauteskunde kanpainako arduradunaren ustez. «Banatzen gaituzten Ibarretxe plan berrien kontrako harresia gara; bermea, enfrentamenduaren eta inposizioen garaira itzul ez gaitezen».

Bereziki, EAJren aurka mintzatu da Ares. Jeltzaleak kanpainaurrean «hitz goxoak» erabiltzen aritu badira ere, hautagaisozialistak adierazi du independentzia lortzea dela EAJren «benetako helburua». «Ez dituzte herritarrak ikaratu nahi, baina Masek Katalunian sustatu duen independentismoa eta subiranotasuna babestu ditu Urkulluk, eta hauteskundeak irabazten baditueta gobernura iristen bada, CIUk Katalunian ere ezarri dituen murrizketak ezarriko ditu hemen ere», esan du.

Gipuzkoako eredua

Gipuzkoako egoera ere izan du mintzagai Aresek. Bildu «EAJren babesarekin» gobernatzen ari dela salatu du, eta Legebiltzarrerako bozak EAJk edo Bilduk irabazi abertzaleek «Gipuzkoako eredua» EAEra zabalduko dutela. «Independentzia berehala eraiki nahi duenaren eredua da hori, eurek nahi duten gizarte eredua, alegia». Aresek azaldu duenez, sozialistak dira «abertzaleen inposizio eta asimilazioaren» aurkako bermea, eta haiek «Euskadi moderno, iraunkor, lehiakor eta solidario bat» defendatuko dutela.

PSE-EEren hauteskunde kanpainaren «ildo nagusiak» azaltzeko Bilbon eginiko agerraldi batean esan ditu hitzok Aresek. Estamos en lo que hay que estar. Guk, gure bidea, izango da sozialisten kanpainako leloa. Aresek azaldu duenez, «mitin gutxiago» egingo dituzte eta herritarrekin zuzeneko harremana lehenetsiko dute. Halaber, jakinarazi du PSE-EEk %10 gutxitu duela legeak zehaztutako kanpainarako aurrekontu muga —1,5 milioi—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.