Gizartea

Argantzungo umearen heriotza ikertzen hasi da fiskala

Espainiako Gaixoaren Defendatzaileak jarri du salaketa, eta diligentziak zabaldu ditu Kalparsoro fiskalak. Jaurlaritzak adierazi du 112ko medikuak erabaki zuela anbulantziarik ez bidaltzea.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko martxoaren 19a
08:22
Entzun

Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak diligentziak zabaldu ditu Txagorritxuko ospitalean hildako umearen kasua argitzeko. Kalparsorok berak BERRIAri adierazi dionez, Espainiako Gaixoaren Defendatzaileak jarri du salaketa bat, eta horren ondorioz hasi du ikerketa Kalparsorok.

Aurretiazko ikerketak dira oraingoz. Kalparsoro zain dago umearen autopsiaren edo nekropsiaren emaitzak noiz jasoko. Argantzungo umearen familiaren salaketarik ez du jaso oraingoz fiskalak.

Kasua "ileak lazteko modukoa" dela adierazi du Gaixoen Defendatzailearen ordezkariak, Carmen Florese. Osasuna "gizatasuna galtzen" ari dela salatu du. Zer gertatu den ikertzeko eskatu du. "Laguntzeari uko eginda, ustez umearen heriotza eragin dute".

Eusko Jaurlaritzak ere esan du ikerketa hasi duela. Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi du 112ko medikuak erabaki zuela anbulantziarik ez bidaltzea. Grabazioak entzun dituela esan du sailburuak, eta familiari inoiz ez ziotela esan Miranda Ebrora deitzeko. Jaurlaritzak dio amarekin hitz egin ondoren larrialdiko medikuak erabaki zuela Trebiñun zaintzan zegoen sendagileari hots egitea, eta hura bidali zutela neskatoaren etxera. Ordurako, baina, gurasoak Gasteizera bidean ziren, autoan.

Barizela zeukan umeak, eta igandean eraman zuten ospitalera lehenbiziko aldiz; etxera bidali zuten. Biharamun goizean, umea okerrago zegoela ikusirik, larrialdi zerbitzura deitu zuen amak, baina esan zioten deitzeko Burgosera, Trebiñuko konderrian zegoenez gero. Azkenean, umearen aitak eraman zuen umea erietxera, eta han hil zen. 3 urte eta erdi zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.