MEMORIA HISTORIKOA

Argentinako kereilako hemeretzi inputatuak deklaratzera deituko dituzte

Servini epailearen eskariari bide eman dio Espainiako Gobernuak, ia bi urteren ondoren. Lurralde bakoitzeko auzitegiei bidali die Serviniren eskaria, inputatuei deklarazioa har diezaien. Tartean dago Rodolfo Martin Villa Martxoaren 3ko hilketen arduradun politikotzat jotzen dutena.

Rodolfo Martin Villa eta Jose Utrera Molina. MANUEL H. DE LEON / EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko irailaren 26a
08:19
Entzun

Auzitegian deklaratu beharko dute frankismoko krimenen harira Argentinan inputatu zituzten hemeretzi lagunek. Kereila bultzatzen ari den plataformak jakinarazi du Espainiako Gobernuak bide eman diola Maria Servini epaileak egindako eskariari. Irailaren 9an erabaki zuen eskariak auzitegira bidaltzea, nahiz eta erabakia ez zuen publiko egin. Hortaz, orain lurralde bakoitzeko auzitegien esku geratuko da deklarazioak hartzea.

Ia bi urte joan dira. 2014ko urrian egin zuen eskaria Servini epaileak. Luzamendutan aritu da Madrilgo gobernua ordutik. Servinik behin eta berriro egin ditu eskariak; azkena, joan den abuztuan. Estradizioaren bidea aurrera ez zihoala ikusita, Espainiari eskatu zion hartzeko deklarazioa hemeretzi inputatuei Espainiako auzitegietan. Horrela zabaldu du bidea.

Frankismoko goi agintariak daude inputatuen zerrendan. Besteak beste, Rodolfo Martin Villa ministro ohia, Gasteizko Martxoaren 3ko hilketen arduradun politikotzat jotzen dutena. Kereilaren aurrean lasai dagoela esan izan du orain arte Martin Villak: “Ez kezkatu. Lasai nago. Lotarako minutu bat ere ez dut galdu”. Harekin batera, zerrendan dago Jesus Quintana Gasteizko poliziaburu ohia. Listan daude ministro izandako batzuk ere: Antonio Carro, Alfonso Osorio, Jose Utrera Molina... Eta poliziak. Denera hogei lagunen aurkakoa zen agindua, baina horietako bat, Antonio Barrera de Irimo ministro ohia, hila da.

Euskal Herriarekin lotura duten krimenen ustezko erantzuleak daude atxilotzeko agindutakoen listan. Martxoaren 3arekin lotutako Martin Villa eta Quintanaz gain, tartean dira hauek: Benjamin Solsona, Bilboko polizia etxeko arduradun izana; Felix Criado polizia ohia, Jon Etxabe torturatzeaz akusatua —Zamorako (Espainia) kartzelan—; eta Antonio Carro ministro ohia, Txiki eta Otaegi fusilatzeko agintzeaz akusatua. Ume lapurtuekin lotuta, Abelardo Balaguer dago zerrendan. Andaluzian aritzen zen, baina Euskal Herrian bizi den sendi batek salatu du. Flor Diaz da akusatzailea, SOS Haur Lapurtuak taldeko eleduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.