«Espetxe politikako iluntasunean argi izpi bat» izan nahi du bihar Arrasatetik (Gipuzkoa) Leongo espetxera (Espainia) jendez beteta joango den autobusak. Josu Uribetxeberria herriko presoari elkartasuna adierazi nahi diote, eta udaleko ordezkaritzak espetxe zuzendaritzarekin bildu nahi du presoaren egoeraren berri emateko eta, haren eskubideak errespetatuz, aske utz dezaten eskatzeko. Izan ere, Uribetxeberria gaixo dago. 2005ean ezkerreko giltzurruna kendu behar izan zioten, minbiziagatik, eta, orduz geroztik, bizi osorako tratamendua behar du. Gaixotasuna berritzeko %51ko aukera du.
Herrira mugimenduko kideak udaleko ordezkariekin harremanetan jarri ziren, egoera horren aurrean zer egin zezaketen pentsatzeko. Udaleko 16 ordezkari —Bildu, EAJ eta Aralarrekoak— ados jarri ziren mozioa onartu eta Leongo espetxera martxa bat antolatzeko. Espetxeko zuzendariarekin harremanetan jartzea ere adostu zuten, hari Uribetxeberriaren egoeraren berri emateko, eta hura aske uzteko eskatzeko.
Inazio Azkarragaurizar alkateak lortu zuen espetxeko zuzendariarekin telefonoz hitz egitea, eta hark abisu eman zion kartzelaraino joanda ere ez zela beraiekin bilduko, halakorik egitea debekatua duelako. Hala ere, joan egingo dira hautetsiak, eta bilera egitea lortzen ez badute, zuzendariari eskutitz bat ematen saiatuko dira.
Martxa horretan, udal ordezkariak ez ezik, herritarrak ere joango dira Leonera. Herrira taldeko kide Alaitz Aranzabalek nabarmendu duenez, presoen eskubideen alde «edozein tokitara joateko eta edozein ate jotzeko» prest daudela erakutsi nahi diete, horrek indarra emango diela uste dutelako. Hala, presoek haien presentzia sumatu dezaten saiatuko dira. Txalaparta joko dute, musika, eta bertsoak ere izango dira.
Euskal Herrian ere, kalera
Leonen ez ezik, Arrasaten ere zabaldu nahi dute aldarrikapena. Beraz, handik bueltan, manifestazioa egingo dute 19:30ean Sebero Altube plazatik abiatuta, eta herritarrei hara joateko deia egin die Aranzabalek: «Kaleak betetzen direnean bulegoetan mugimenduak egoten dira. Eraiki nahi den aro berrian eskubideen urraketan oinarritzen den espetxe politikak ez du lekurik, eta hori kalean entzun egin behar da».
Arrasateko kaleak bakarrik ez dira beteko asteburu honetan gaixo dauden presoen eskubideak aldarrikatzeko. Herrira bilguneek beste hiru mobilizazio ere antolatu dituzte.
Batetik, Hego Uribeko eskualdean (Bizkaia) bizikleta martxa bat egingo dute bihar Txus Martin askatzeko eskatuz. Ugaon hasi eta Galdakaon amaituko da, ekitaldi bat eta herri bazkariarekin.
Gasteizen, berriz, manifestazioa egingo dute 19:00etan, Bilboko plazatik abiatuta. Jose Angel Biguri, Jose Ramon Lopez de Abetxuko eta Gotzone Lopez de Luzuriaga askatzeko eskatuko dute.
Arbizun (Nafarroa), bestalde, igandean egingo dute manifestazioa Jesus Mari Mendinueta Poxtiña askatzeko eskatuz.
Argi izpia, Arrasatetik Leongo espetxera
Hainbat mobilizazio egingo dira asteburu honetan gaixo dauden presoen eskubideak errespetatzeko eskatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu