Ziburuko IKASTOLA

Argindarra kenduta, elkartasunak berotzen du Kaskarotenea

Seaskako ikastolek argiak itzali dituzte ordu batez 11:00etan, Kaskaroteneari argia moztu izana salatzeko. Biharko manifestaziora deitu dute Ziburun, 16:00etan, herriko etxetik abiatuta, auzapezari irtenbide bat eskatzeko. Bideoa: ikasleak, astelehenean, argindarrik gabe (Lara Madinabeitia, BerriaTB). [Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2228/[/Berriatb]

jon ordonez garmendia
2014ko azaroaren 7a
09:47
Entzun

Omiasaniduko oporren ostean ilunpetan aurkitu zuten Ziburuko Kaskarotenea ikastolako haurrek ikasgela. Astelehena zen, eta haurrak eskuargiak eskuan zituztela joan ziren ikastolara. "Elektrizitatea moztu digu auzapezak", azaldu zien egoera irakasleak. Eguerdian argindar sorgailua jarri zuten gurasoek, ordea, eta halaxe pasatu dute astea Ziburuko ikastolan.

Ezohiko egunak ari dira izaten hauek Kaskaroteneko hamahiru haurrentzat. Guy Poulou Ziburuko auzapezak dagoen lekutik atera nahi du ikastola, eta kanporatzeko neurriak gogortzen ari da. Hasieran ikastolan jarraitzen zuten egun bakoitzeko ehun euroko isuna jarrarazi zien. Seaskak, ordea, joan den astean 4.370 euroko isuna ordaindu ostean, kopuru hori laukoizteko eskatzeko asmoa iragarri zuen Poulouk.

Isuna handitzeko asmoaren berri ematearekin batera, gainera, Poulouk argindarra moztu zion ikastolari. Neurri horrek ikastola ordu batzuetan ilunpetan utzi badu ere, azken egunetan euskaltzaleen elkartasuna jaso dute ikastolako arduradun, guraso eta ikasleek. Elkartasun horrek bihar gainezka egin dezake, arratsaldeko lauetarako Ziburun deitu duten manifestazioan.

"Euskaldunen aurkako erasoa"

"Autobusak etorriko dira Espainiatik. Ez dira ziburutarrak", esan zuen Poulouk atzo BERRIAn argitaratu zen elkarrizketan. Esan nahi bazuen auzapezak Hego Euskal Herritik ere autobusak joango direla, bai, hala da. Kaskarotenearen kontrako neurriek kezka sortu dutelako Euskal Herri osoan.

"Hau ez da ikastola bakar baten aurkako erasoa; hau euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da", esan zuen urrian Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Federazioko presidenteak Durangon egin zuten agerraldi jendetsuan. Joan den larunbatean, gizarte eta kultur eragileek bat egin zuten Ziburuko manifestazioarekin.

Aitortu du auzapezak euskara jokoan dagoela, eta haurrek euskara ikasteko murgiltzea dela eraginkorrena. Hala ere, Kaskarotenea lekuz aldatzeko tematuta jarraitzen du. Gaur egun Marinelako eskola publikoaren lokal batzuetan daude Kaskaroteneko haurrak, eta auzapezak, Ziburu erdialdetik urruti, autobidearen ondora bidali nahi ditu. Bideo batean, leku aldaketa nolakoa litzatekeen erakutsi du Vimeon Jon Bergara erabiltzaileak.

[Vimeo]http://vimeo.com/111055066/[/Vimeo]

Elkartasun keinu modura, gaur Seaskako ikastolek argiak itzali dituzte ordu batez. Asteartean Seaskako 31 ikastoletako ordezkariak bildu ziren Kanbon, bereziki, Kaskarotenea ikastolaren egoera aipatzeko. "Ekimen horren bidez, ikastoletako lehendakariek beste buraso guziak ohartarazi nahi dituzte Ziburun gertazten ari denaren larritasunaz", dio Seaskaren agiriak.

Ziburuko ikastola sostengatzeko agerraldiak geroz eta gehiago dira, eta, horren ildo beretik, gaur Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek bazkari hotza eramanen dute kantinako bazkarien sosa Kaskaroteneari emateko. Udalbiltzak Kaskarotenea diruz laguntzea erabaki du, eta aste honetan iragarri du 10.000 euro emango dizkiola Ziburuko ikastolari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.