Fukushimako zentral nuklearrean (Japonia) izandakoaren gisako hondamendi baten ondorioz argindarrik gabe geratuko balitz, soilik lau ordu iraungo luke Santa Maria de Garoñako zentral nuklearrak (Burgos, Espainia). Hala diote CSN Espainiako Segurtasun Kontseiluak egindako erresistentzia proben lehen emaitzek.
Europako Batasuneko 27 herrialdeek zentral nuklearretan erresistentzia probak egitea erabaki zuten, Fukushimako zentralean izandako ezbehar nuklearraren ostean. Garoña kudeatzen duen Nuclenor enpresako zuzendari nagusi Martin Regañok hasieratik adierazi zuen proba horiek «aukera gisa» hartu zituztela, eta ziur esan zuen gaindituko zituztela. «Iaz berrikuntzak egin genituen, eta prest gaude edozein azterketa pasatzeko». Baina zentrala ixtea eskatzen dutenek behin eta berriz salatu dute Garoñak Fukushimaren ezaugarri berak dituela eta «premiazkoa» dela «berehala eta baldintzarik gabe» ixtea.
Aurreko igandean martxa bat egin zuten Garoña ixteko eskatzeko. Zentralaren aurrean amaitu zuten protesta, eta bertan gogorarazi zuten Espainiako Auzitegi Nazionalak berak baimendu zuela Garoña 2013ko uztailaren 5ean ixtea.
Nuclenorrek aurkeztutako txostenaren arabera, zentralaren baterien iraupena 24 ordura igoko dute, eta ordezkoena, 32ra. CSNren arabera, aurreikuspen hori «onargarria» da, baina ez nahikoa. Hala, bateriak kargatzekoak elikatuko lituzkeen argindar sortzaile bat eranstea eskatzen dio.
CSNko zuzendari tekniko Isabel Melladok berak azaldu du—erakundeak egindako agirian hala esaten da— Garoñak aurkeztutako txostenean ez dela jasotzen uholdeek, lurrikarek edota suteek zentralaren segurtasunean izango luketen eraginari buruzko analisirik. Hala, behin betiko txostenean analisi hori jasotzea galdegin dio Nuclenorri. CSNk ere, besteak beste, hozte sisteman hobekuntzak egitea proposatu die Garoñako arduradunei.
Eskari horiek kontuan hartuta, Nuclenorrek urri amaierarako aurkeztu behar du behin betiko txostena. Ondoren, Europako Batzordeak eman beharko dio oniritzia.
Greenpeaceko Carlos Bravok erresistentzia probetan azaldu diren «huts eta gabeziak» salatu ditu. «Garoña da, gainera, emaitzarik okerrenak dituena».
Bravok nabarmendu du, gainera, CSNk ez dituela kontuan hartu Europako Batasunak agindutako segurtasun baldintza eta irizpide guztiak. «Hala egiten du badakielako Garoñakoaren gisako plantek ez dituztela azterketak gainditzen».
Argindarrik gabe geratuz gero, soilik lau ordu iraungo luke Garoñako zentralak
CSNk ohartarazi du Nuclenorrek ez duela aurkeztu lurrikaren, uholdeen eta suteen ondorioen azterketarik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu