Atxiloketak

Aritz Azkona eta Mikel Jimenez ere kartzelara bidali ditu epaileak

Bi gazteak gaur hartu ditu Fernando Grande Marlaskak, ostiraleko partez. Honen aurrean deklaratu nahi zuten barikuan, baina ez zien hitzordua jarri. Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian atxilotu zituen Guardia Zibilak.

2008ko urriaren 13a
18:42
Entzun
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Aritz Azkona (Iruñea) eta Mikel Jimenez (Barañain, Nafarroa) ere kartzelara bidali ditu, Segi gazte erakundeko kideak direlakoan -Espainiako Justiziak legez kanpokotzat du Segi- eta kale erasoetan parte hartu izan dutelakoan. Neurri horixe hartzeko eskatu dio aurretik Fiskaltzak.

Gaur hartu ditu epaileak Azkona eta Jimenez, ostiraleko partez. Barikuan ez zituen hartu nahi izan, bi haiek auzitegira aurkeztu arren. Atzeman egin zituen orduan Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren atarian.

Guardia Zibila haiek atxilotzen saiatu zen abuztuaren amaieran, Barañainen (Nafarroa) egin zuen operazioan, baina ez zituen topatu etxean. Inkomunikazioa saihesteko asmoz eta torturatu ez zitzaten, Grande Marlaskaren aurrean deklaratu nahi zuten Azkonak eta Jimenezek barikuan. Hitzordua eskatu zuten epailearekin horretarako, baina hark ez zien hitzordurik jarri. Auzitegira agertzeko esan zien soilik. Halaxe egin zuten eta auzitegiaren atarian atxilotu zituzten kaleko arropekin jantzita zeuden guardia zibilek.

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak Iruñeko eta inguruko hainbat gazte atxilotu ditu azkeneko asteetan, kale erasoetan parte hartu dutela eta Segikoak direla egotzitaeta operazio horien kontra manifestazioa egin zuten larunbatean Iruñean ehunka lagunek.

Duela bi aste Gorka Sueskun, Iker Araguas eta Ibai Azkona atxilotu zituen Espainiako Poliziak Iruñean, eta epaileak kartzelara bidali zituen, Soto del Realera (Espainia). Gazteek torturak jaso izana salatu dute. Mikel Flamarike ere atzeman zuten orduan, Barañainen (Nafarroa), eta epaileak aske utzi zuen, astero epaitegira sinatzera joateko baldintzarekin eta Espainiako mugetatik ateratzeko debekuarekin. Tratu txarrak jasan zituela zioen Flamarikek.

Gaur zortzi Iñaki Marin Mercero, Diego Javier Octavio Martikorena, Mikel Marin Irurozki eta Iker Aristu atzeman zituen Espainiako Poliziak Iruñean, eta ostegunean kartzelaratu egin zituzten: Aristu Alcalan (Espainia) eta besteak Soto del Realen (Espainia). Haiek ere torturak salatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.