Loren Arkotxa Ondarroako (Bizkaia) alkatea zen atxilotu zutenean, eta, halaber, Udalbiltzako lehendakaria. Imanol Esnaola Lezoko (Gipuzkoa) zinegotzia zen eta Miren Josu Aranburu Urretxukoa (Gipuzkoa). Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbitzaren kontra apirilean hasi zuen auziaren barruan, beren kabuz joan ziren deklaratzera hiru hautetsi horiek iazko maiatzaren 23an. Deklarazioa hartu ostean, hirurak espetxeratzeko agindua eman zuen auzia gidatzen duen Baltasar Garzon epaileak. Ihes egiteko arriskua zegoela argudiatu zuen.
Xarlo Etxezaharreta, berriz, Hazparnekoa (Lapurdi) da, eta Udalbiltzako kidea. Iazko irailaren 28an atxilotu zuten, Abadiñon (Bizkaia) ekitaldi internazionalista batean parte hartu ostean.
Nolanahi ere, iazko apirilaren amaieran ekin zion Garzonek ezker abertzaleko Udalbiltzaren aurkako operazioari.Lehen kolpe batean, zortzi lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak: Lander Etxeberria, Karmele Urbistondo, Larraitz Sanzberro, Oskar Goñi, Miriam Campos, Txema Jurado, Leire Idoiaga eta Eider Casanova. Halaber, Udalbiltzaren egoitzak itxi zituzten: Astigarragan, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean zituen egoitzak erakunde horrek.
Hamabi lagun horiei ez ezik, beste biri ere hartu zien deklarazioa Garzonek Udalbiltzaren kontrako auziaren barruan; zehazki, lehendik espetxen ziren Joseba Garmendiari eta Xabier Alegriari.
Udalbitzaren aurkako operazioa
Arkotxa, Esnaola, Aranburu eta Etxezaharreta, ziurrenera, bihar geratuko dira aske
Ezker abertzaleko Udalbiltzaren kontrako operazioan atxilotutako Loren Arkotxa, Imanol Esnaola, Miren Josu Aranburu eta Xarlo Etxezaharreta bermea ordainduta aske uzteko eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Zehazki, 30.000 euroko fidantza ezarri die Arkotxa, Esnaola eta Aranbururi, eta 60.000 eurokoa, berriz, Etxezaharretari. Bermea ordainduta, bihar kalean izango direla espero da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu