Espainiako Armada Elgetan

Armadaren «pentsamolde oldarkor eta probokatzailea» salatu du EAJk

Galdera egin diote jeltzaleek eta Amaiurrek Espainiako Gobernuari, eta Aralarrek Urkijoren agerraldia eskatu duGipuzkoako Batzar Nagusiek maniobra militarrak gaitzesteko eskatu du Bilduk

Joseba Egibar eta Iñigo Urkullu, atzo, Eibarko Unzaga plazan EAJk egin zuen ekitaldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Koldo Aldabe.
2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Espainiar tropa faxistek Elgeta hartu zutela 75 urte bete ziren egun berean Espainiako armadak Gipuzkoako herri horretan maniobra militarrak egin izanak protesta, salaketa eta gaitzespen uholdea eragin du, Elgetan bertan hasi —elgetarrek, maniobrak gaitzesteko, elkarretaratze bat egin zuten atzo, udaletxearen aurrean— eta Euskal Herri osoan zehar. Egunotan, Franco diktadorearen aginduz Euskal Herrian izan ziren bonbardaketak eta hilketak oroitzeko ekitaldi ugari egiten ari dira, eta maniobra militarrak egiteko Espainiako armadak egunok eta faxistek gogor jo zuten herri bat aukeratu izanak kasualitatetik gutxi duelako konbentzimendua sendoa da.

Maniobra horiek desitxuratu ere egin dituzte aurreikusitako oroitzapenerako hainbat ekitaldi. EAJk, adibidez, Eibarko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldi bat egin zuen atzo Unzaga plazan, eta herri horretako jelkide historiko batzuei egin beharreko omenaldiarekin batera, Elgetari begira jardun zen Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak.

Espainiako armadaren «pentsamolde oldarkor eta probokatzailea» salatu zuen Urkulluk Unzaga plazako ekitaldian, eta Elgetako maniobrak gaitzetsi zituen, euskal herritarrek «indarkeria eta izua» atzean utzi nahi duten unean:«Atzean utzi nahi ditugu bortxakeria eta izua. Atzean utzi nahi dugu pentsamolde oldarkorra eta probokatzailea; Espainiako armadak egunotan gure lurrean erakutsi izan duena, alegia». EBBko buruarentzat, «euskal lurrean egotearekin, eta beren erakustaldiekin, herri honi erakusten diote indarkeriak, bortxakeriak eta inposizioak guztiz baliogabeak eta alferrekoak direla». Urkulluk argi utzi nahi izan zuen Euzko Alderdi Jeltzaleak ez dituela «inoiz» bide horiek erabili eta ez dituela «sekula erabiliko».

«Euskadi bortxakeriaren kontra elkartzen den une hauetan, gu ere elkartzen gara 'bakea orain eta betiko' oihukatzen duen deiadarrean», gaineratu zuen.

Harago joan zen atzo, Bilbon, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia. Harentzat, Elgetakoa «umiliazioa, probokazioa, iraina eta errespetu falta» izan da.Bilbaok gaineratu zuen Espainiako Gobernuak ikerketa ireki beharko lukeela eta erantzukizunak exijitu «leku eta egun zehatz horretan maniobrak programatu dituzten buruzagi militarrei».

Probokazio larria

Espainiako armadak Elgetan herenegun eginikoa «oso probokazio larria da», ezker abertzalearen ustez ere. Prentsa ohar baten bidez, ezker abertzaleak Espainiako Gobernua jo du maniobra horien erantzule nagusitzat.

«Duela 75 urte tropa faxistek Elgeta hartu ondoren egindako erasoak, bortxaketak, torturak eta hilketak jasandako elgetarren memoriari irain mingarria egitea» ere badela esan du, eta gaineratu du «altxamendu faxista hartan gailendu zen armadaren ondorengoek» berriro ere agerian utzi dutela «Hego Euskal Herrian arma bidez inposatzen den proiektu bakarra espainiarra dela».

Ezker abertzaleak maniobra horiek zein «Guardia Zibilaren kontrolak» salatu ditu, «aurreko egun eta asteetan ugaritu egin baitira Hego Euskal Herriko errepideetan»: «Etengabeko presentzia polizial eta militar neurrigabe hau guztiz lekuz kanpo dago Euskal Herrian hasi den aro politiko berrian», dio. Ezker abertzalearentzat, «indarkeria erakustaldiak sobran daude eta ez dator bat Euskal Herriko gehiengo sozialak eskatzen duen konponbide eta bake egoerarekin». Horregatik, Espainiako Gobernuari esan dio «indarkeriazko gatazkaren isla diren baliabide armatu eta errepresiboak» indargabetzen eta deuseztatzen joan behar direla, «bake eta askatasun etorkizuna eraiki dezagun».

«Manipulazio bidegabea»

Elgetako maniobrek eragin dituzten kontrako erreakzioak «manipulazio bidegabetzat» jo ditu, berriz, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijok. Haren arabera, Espainiako armadak «entrenamendu maniobra ugari» egiten ditu Euskal Herrian, «normal-normal». Gobernuaren ordezkariak azaldu zuenez, otsailetik hona, hogei maniobra egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, «eta herritarren jarduera eta eginbeharrak oztopatu gabe».

«Politikoki erabiltzen ari dira herritar gehienentzat kezkagarri ez den gertaera bat», azaldu zuen Espainiako Gobernuaren ordezkariak. «Horregatik, susmagarria da, gutxienez, maniobra horien inguruan buruzagi abertzale batzuek egin duten manipulazio bidegabea», gaineratu zuen.

Hainbat ekinbide

Urkijok prentsa ohar bidez adierazitakoa hitzez azaldu beharko du, baldin eta aurrera ateratzen bada Aralarrek Eusko Legebiltzarrean egin duen eskaria. Izan ere, Aralarreko legebiltzarkide eta Elgetako alkate Oxel Erostarbek Espainiako Gobernuaren ordezkariak Eusko Legebiltzarrean herenegungo maniobra militarren azalpenak eman ditzan eskatu baitu.

Ez da, ordea, Espainiako armadaren jokabidea salatzeko iragarritako ekinbide bakarra. Espainiako Legebiltzarreko Amaiurren taldeak Espainiako Gobernuarentzako galdera bat paratu du; erantzuleak aurkitu, erantzukizunak argitu, Elgetako herritarrei barkamena eskatu eta horrelakoak gehiago ez gertatzeko neurririk hartu behar duen galdetu dio. EAJren taldeak, berriz, Espainiako Defentsa ministroaren agerraldia eskatu du, maniobra horien berri eman dezan. «Uste dugu kasualitaterik ez dagoela, eta gutxiago kasu honetan», azaldu zuen atzo Arantza Tapia kongresukide jeltzaleak: «Jakin nahi dugu nork eman zuen maniobra horiek egiteko agindua, zergatik aukeratu zen egun hori eta zergatik aukeratu zuten Elgeta. Erantzule bat dago, eta nor den jakin nahi dugu».

Bildu koalizioak, berriz, Gipuzkoako Batzar Nagusietara eramango du «Espainiako militarrek Elgetan egin duten okupazioa eta probokazioa» salatzeko ebazpen proposamen bat. «Onartezina» da gertatutakoa; «sortutako min neurtezinaren erreparaziorik ez da egon, eta horrelako oldartzeek zauriak berriro ere irekitzen dituzte, inoiz itxiak egon badira». Ebazpenean, bi eskakizun plazaratu ditu Bilduk; Espainiako armadak Euskal Herrian egiten dituen maniobra militar guztiak bertan behera uztea eta Espainiako armadak Euskal Herritik alde egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.