EH Bilduren ekitaldia

Arraiz: "Gero eta gehiago gara Europa zaharrean mundu berri bat eraiki nahi dugunak"

Arnaldo Otegik Logroñoko espetxetik bidalitako mezua txaloka hartu dute BECen bildutako 7.000 lagun inguruk. Bertan izan dira Hasier Arraiz, Adolfo Araiz eta Garazi Labiano, besteak beste, eta independentziarako urratsak ematen hasteko garaia dela nabarmendu dute.

Barakaldoko BEC, beteta. ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2015eko martxoaren 7a
10:16
Entzun

Milaka pertsona bildu dira gaur Barakaldoko BECen EH BIlduk antolatutako ekitaldira. Bertan Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiaren hitzak entzun ahal izan dira, Logroñoko (Espainia) espetxetik bidalitako mezuan: "Urratsak eman, urratsak batu, urratsak partekatu... Euskal Herria askatu!". Haren mezua amaitzearekin batera presoak etxeratzearen aldeko oihuak entzun dira BECen.

Nafarrek beren erabakiak hartzeko ordua dela nabarmendu du, bere aldetik, Adolfo Araizek, Bilduren Nafarroarako Legebiltzarrerako zerrendaburuak: "Nahikoa da Madrilek, Genovak, Ferrazek, Moncloak edo beste edozeinek nafarren izenean erabakiak hartzeaz. Gure borondatea da Nafarroak beste euskal lurraldeekin batera elkarlanean jardun dezala".

EH Bilduko parlamentari Hasier Arraizek hartu du ondoren hitza, eta gogorarazi, Amerikan ez ezik, aldaketa haizeak dabiltzala Europan ere: "Gero eta gehiago gara Europa zaharrean mundu berri bat eraiki nahi dugunak". Haren esanetan, Espainiak eskaintza bakarra egiten du "errepresioa eta inposaketarena" eta horren aurrean "erantzuna ere bakarra da: independentzia". 

Oharra ere luzatu dio euskal gizarteari Arraizek: "Inork ez digu askatasuna oparituko, borrokatu egin behar da. Dena erabaki nahi dugu, guztia aldatzeko". Euskal ezkertiar independentisten fronte zabala osatzeko deia amaitu du agerraldia EH Bilduko parlamentariak. "Edo pentsatzen dugun moduan bizitzen hasten gara, ala bizi garen moduan pentsatzen hasiko gara".

Lehen urratsa

Arraizek aste honetan iragarri moduan "independentzia lortzeko eman beharreko hogei pausoetatik lehena" izango da gaurkoa. "10.000 peoi beltzek urrats bat aurrera egingo dute larunbat honetan euskal estatuaren eraikuntzan, estatu espainiarrari xake mate egiteko helburuarekin".

Izan ere, Arraizek argi utzi nahi izan du Euskal Bidea ez dela alderdi politikoei zuznedutako proiektua, euskal gizarteari bideratutakoa baizik, eta horretarako oinarrizkoa dela haren parte hartzea.

Hizlarien artean izan dira, besteak beste, Joxe Mari Karrere ipuin kontalaria, Jule Goikoetxea politologoa eta Arritxu Iribar kazetaria. Euskal Herritik ez ezik nazioartetik ere babesa jaso du EH Bilduren ekimenak, tartean, Greziatik eta Kurdistandik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.