Esa urtegiaren handitzearen aurkako mugimenduak salatu du arrakala berriak agertu direla urtegiaren eskuineko hegalean. Esa gehiago ez taldeko kide batek grabatutako irudietan ikus daitekeenez, metro anitzeko sakonera dute pitzadurek, eta egunotan azaleratu dira, azken asteotako euriteen ostean.
[YouTube]https://youtu.be/_-eILPgLpwA[/YouTube]
Hain zuzen, urtegiaren magal hori «oreka hertsian» dagoela ziurtatu zuen Nafarroako Gobernuak hainbat aditu independenteri eskatutako txostenak. Talde ekologisten eta hainbat geologoren arabera, ordea, horrek ez du esan nahi presa segurua denik, ezta egonkortua dagoenik ere. «Ez dago segurtasunerako tarterik, agintariek kontrakoa transmititu nahi izan duten arren», esan dute elkarteek.
Izan ere, Nafarroako Gobernuak hegal horren segurtasunari buruz aurkeztu berri duen txostenean aipatzen da «ziurgabetasun handiak» daudela mazelaren materialen eta drainatutako uren eraginaren kontura; hortaz, adituek diote «neurri gehigarriak» hartu beharko liratekeela, segurtasuna bermatze aldera. Txostena argia izan arren, Nafarroako Gobernuak «emaitzak makillatu eta mezu lasaigarria helarazi» nahi izan duela txarretsi dute elkarteek.
Manifestazioa urtarrilaren 4an
Esako urtegia handitzeko proiektua asko garestitu da urtetik urtera: 113 milioi eurotik 460 milioira, urtebetean. Esa gehiago ez eta Rio Aragon elkarteen arabera, «iraganeko proiektu hidrikoen paradigma da, ez baitu benetako konponbiderik eskaintzen larrialdi ekologikoari eta klima larrialdiari aurre egiteko». Gastu ekonomiko handia dela ez ezik, proiektuak milaka lagun «arriskuan» jarri dituela gogorarazi dute: «Istripuren bat gertatuko balitz, ondorio katastrofikoak izan litezke».
Hori dela eta, Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministro Teresa Riberari galdegin diote Esako handitze lanak bertan behera uzteko. Manifestazio bat ere antolatu dute heldu den larunbaterako: Zangozan eginen dute, 19:30ean.