Iruñeko Udalak euskarazko irakaskuntza beste bi haur eskolatara zabaldu izanak hautsak harrotzen segitzen du oraindik ere. Hain zuzen, gaur bertan, haur eskolen kudeaketa izan dute aztergai Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. Besteak beste, euskarazko irakaskuntzara igaroko diren bi eskoletako guraso eta irakasleen agerraldia eskatu du UPNk, bere iritziz "hizkuntzagatiko bazterketa" dena salatzeko.
Bide beretik, PSNk mozio bat aurkeztu du, hezkuntzaren inguruko akordio sozial eta politikoa lortzeko lantalde bat osatzea eskatzeko. Hain zuzen ere, proposamenari erantzunez, hitz egiteko prest agertu dira alderdi guztiak, nahiz eta argi utzi duten ez dela erraza izango ados jartzea. Geroa Baiko Koldo Martinezen esanetan, "garrantzitsua" da hezkuntzaren alorrean akordioa zabal bat lortzea, azken aste eta egunetan agertu diren "arrakalak" gainditze aldera.
EH Bilduko Adolfo Araizen iritziz, "onuragarria" litzateke egungo testuingurua gainditzeko moduko hitzarmen bat adostea, nahiz eta "beharrezkoa" izan ez. Dena den, Araizek ohartarazi du lehen urratsa litzatekeela argitzea "zer lortu nahi den" hezkuntzaren inguruko akordio horrekin. "Eredu jakin batzuk baztertzen dituen politikekin topo egin du gobernu honek, eta egoera hori aldatzea izan behar du helburu akordioak".
"Bazterketa"
Iruñeko Udalak, berriz, nabarmendu du hamazazpi haur eskoletatik bitan soilik izan dela euskarazko eskaintza azken hogei urteotan, eta gurasoen eskaerari erantzunez erabaki dela beste bi haur eskolatara zabaltzea euskarazko irakaskuntza.
Mapek ematen digute bazterketaren berri.#EzDuteLotsarik#IruñekoHaurEskolak#Aldaketahttps://t.co/w0kMkGnvT3pic.twitter.com/U9Ih7zrpFc
— Asier Azpilikueta (@aazpilikueta) February 17, 2016
Izan ere, euskalgintzaren arabera, ia 500 eskaera jaso dira azken bi urteetan haur eskoletan euskaraz izena emateko.
Hala, Joseba Asiron alkateak garrantzia kendu die jasotako kritikei.
Oraidik argi eta garbi ez balego... pic.twitter.com/reShRexTFi
— Joseba Asiron Saez (@josebaasiron) February 16, 2016