Gaur izan da legealdiko azken osoko bilkura, eta gai garrantzitsuak izan dituzte esku artean. Horietako bat da emakumeen kontrako indarkeriari buruzko lege berria. Aho batez onartu du Parlamentuak. Estatu indarkeriaren biktimei buruzko legea ere 13:30ean onartu dute, eta CANi buruzko ikerketa batzordearen ondorioak bozkatu dituzte.
Arrazoi politikoengatik eragindako biktimen legea onartu dute Ezkerrak, PSNk, Bilduk, Aralar NaBaik eta Geroa Baik.
"Emaitza txukuna dela iruditzen zaigu", laburbildu du BIlduko Bakartxo Ruizek. PSNko Juan Jose Lizarbek gaineratu du zuzenbidera egokitzen dela eta "neurtua" dela. Ezkerrako Txema Mauleonen arabera, "legea berandu badator ere, inoiz ez da berandu".
UPNk eta PPk kontra bozkatu dute. UPNko Carlos Garcia Adaneroren arabera, Nafarroan aldaketa politikoaren irudia emateko ezinbestekoa zen legea. "Gatazka baten irudia eman behar da, eta biktima batzuk eta besteak parekatu behar dira". PSNri eta Ezkerrari gogorarazi die bere botoak ez direla nahikoak, eta UPNrekin kontsentsua bilatu ordez EH Bildurekin egin dutela. "Zuen helburua da Bildu kontent uztea, hori da ordaindu beharreko prezioa".
PPko Eloy Villanuevaren arabera, ulertezina da PSNren jarrera, eta gertakariak aztertzeko ikerketa batzordea eratuta, "justizia paralelo bat" sortzea egotzi die baiezkoa eman duten taldeei. Haren ustez, zuzenbide estatua auzitan jartzen du legeak.