Javier Etxeberria. Ikerbasque fundazioko ikertzailea

«Arriskuak eta arazoak ez dira berdinak gizarte guztietan»

Arriskuaren gizarte globalik ez dagoela uste du Javier Etxeberriak; kontzeptu horri buruz hitz egin du EHUko Udako Ikastaroetan.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
«Ingurumen arrisku globalak ikertu behar dira. Baina, horrekin batera, gizarteak arrisku horiek nola hautematen dituen ere aintzat hartu behar da». Javier Etxeberria Ikerbasque fundazioko ikertzaileak (Iruñea, 1948) esana da hori. Arriskuaren gizarteari buruz hitz egin du Etxeberriak, EHUko Udako Ikastaroetan, Donostiako Miramar jauregian. Klima aldaketa edo poloetako izotza urtzearen gisako arrisku globalez gain, haren ustez, «maila txikiago batean» ere badaude arazoak, herritarrak «benetan» kezkatzen dituztenak —lana galtzea, atzerrira lan bila joan behar izatea eta pentsioak jaistea aipatu ditu—; horiei egin behar diete jaramon zientziak, gobernariek eta komunikabideek.

«Eszeptizismoz» ikusten du Etxeberriak arriskuaren gizartea kontzeptua. Horrelako gizarterik ez dagoela dio: «Arrisku global batzuk badaude, baina ez dago mundu osoko gizarterik». Etxeberriaren ustez, gizarte bakoitzak ditu bere arazoak: «Egia da klima aldatzea, poloetako izotza urtzea edota Amazoniako basoak soiltzea guztion arazoak direla. Baina badaude beste arazo batzuk —lana galtzea, atzerrira lan bila joan behar izatea eta pentsioak jaistea, kasu—, gizarte guztietan larritasun bera ez dutenak. Hortaz, arriskuak eta arazoak ez dira berdinak gizarte guztietan».

«Krisi ekonomikoaren eraginez, jendeak ezberdin hautematen ditu arriskuak. Ingurumenarekin lotutako arazoak lehen mailan zeuden orain urte batzuk, baina orain krisiak eragin dituen arriskuek hartu dute lekukoa», nabarmendu du Etxeberriak.

Hautematearen garrantzia

Etxeberriarentzat, «oso garrantzitsua» da gizarteak inguruan dituen arriskuak nola hautematen dituen aztertzea. Onartzen du «arriskuak ikertu, identifikatu eta eragin ditzaketen kalteak ebaluatu» egin behar dituela zientziak; estrategia eta politika egokiak ere aplikatu behar direla uste du, arrisku horiek izan ditzaketen eraginak leuntzeko eta ahal den heinean konpontzen saiatzeko. Horrez gain, gizartearen pertzepzioa ikertzea funtsezkoa da arrisku horiei aurre egiteko, Etxeberriaren aburuz: «Zientzialariak arazorik ez dagoela esan arren, herritarrek arriskuren bat sumatzen badute, alferrik da kontrako ezer esatea».

«Askotan, zientzialarien ikerketen ebazpenak ulertezinak dira herritarrentzat. Hori dela eta, jendeak arriskua sumatzen du, baina ez daki zehazki nola eragingo ote dion horrek», esan du Etxeberriak: «Zalantza horiek uxatzeko, zientziak esku hartu behar du arriskuen hautemate sozialean, herritarren parte hartzea sustatuz eta laborategietatik kanpo lan eginez».

Komunikabideak, «giltzarri»

Etxeberriak adierazi duenez, komunikabideak «giltzarriak» dira arriskuen hautemate soziala eraikitzeko orduan: «Hedabideek ateratzen dituzte albisteak, eta jendeak horiek irakurriz arriskuak era jakin batean hautematen ditu». Horregatik, uste du zientziak komunikabideekin elkarlanean hasi behar duela, ikerketa zientifikoak helaraziz herritarrei, horiek benetako arrisku eta arazoak zein diren ikus dezaten eta berengan zer-nolako eragina izan dezaketen jakin dezaten.

Bestalde, Etxeberriaren ustez, komunikabideek «denbora gehiegi» ematen dute arazo globalei buruz hitz egiten. Haren hitzetan, herritarrak benetan kezkatzen dituzten arazoak ez dira horiek: «Herritar xume batek ezer gutxi egin dezake klima aldaketa konpontze aldera; GKE gobernuz kanpoko erakunde batean sar daiteke, manifestazioetara joan daiteke edo sumindu egin daiteke, baina ezin dezake gehiagorik egin nazioarteko arazo horien aurka. Gainera, ingurumen arazo horiek oso zailak dira konpontzeko, edo konponezinak dira bestela. Horrek atsekabea eragiten du herritarrengan».

Hori kontuan izanik, hedabideek «arreta handiagoa» jarri beharko liekete langabeziari, pentsioen jaitsierari eta halako arazoei, ikertzailearen esanetan: «Arazo konkretu horiei buruz hitz egiten duen atal bat eduki beharko lukete, jendeak arazo horien berri izateko. Gertuago sumatzen ditu jendeak, eta jarrera aktiboagoa hartuko luke, buruhauste horiei konponbidea bilatze aldera». Horretarako, herritarren artean arazo komunen zerrenda bat egin behar dela uste du, inkesten bidez: herritarrentzat etxea galtzea bada arazo larriena, horri buruz hitz egin behar dute hedabideek, jendea arrisku horretaz informatzeko eta enpresariak eta politikariak estu hartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.