«Arriskuari» aurre egin behar

Ondarroako Udalak baimena eman die hutsarazitako eraikinetako dendariei salerosgaiak hartzeko sartu-irten bat egiteko.Alokabideren eta auzoen artean bilera gehiago egin dira

Ondarroan luiziengatik hustutako eraikinak; lurra etxeetaraino irrist eginda dago. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2016ko martxoaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Baimenik ez zegoen, baina alkateak bere gain hartu du arriskua, eta sartu egin dira». Efe albiste agentziaren arabera, Ondarroako Udalean (Bizkaia) atzo baieztatu zuten beste sartu-irten bat egin ahal izan zutela lehengo astean hutsarazitako dendetako merkatariek beren negozioetara; salerosgaiak hartzeko. Joan den astetik daude geratuta, luizi baten ondorioz hainbat eraikin husteko agindua eman zutenetik, hain justu. Egoera zailean daude ehunka sendi ere, 176 etxe baitaude eraikin horietan. Hustuta.

Dendariek berriz ere beren jardunari ekin ahal izateko, udalak hutsik dituen hainbat lokal beren esku uzteko asmoa du. Izan ere, egoera zailean daude hustutako eraikinetako bizilagun eta merkatariak: aseguru etxeek ez dituzte beren gain hartzen luizien kalteak, eta etorkizunari aurre egiteko zer baliabide izango dituzten ez dute argi. Denentzako aterpea ziurtatu ahal izateko bilerak egiten ari dira Jaurlaritzako Alokabide zerbitzuko teknikariak bizilagunekin. Inguruko hainbat udalek —Lekeitio, Berriatua eta Markina— elkartasun keinu bat eskatu diete herritarrei, eta sendi horien arta bermatzeko etxeak eskaintzeko eskea egin diete.

Prebentziorako tresnak

Luizien gaineko kezka ez da berria. Euri asko egiten duen sasoietan, bereziki, usu gertatzen dira. Prebentzioan aurre egiteko asmoz, Euskadiko Geologoen Elkargo Ofizialak eta Sos Deiak-ek badute elkarrekin egindako gida bat. Bertan argi jartzen du, Euskal Herriko erliebea eta klimagatik, «edozein lekutan gerta daitezkeela» irristatzeak. Horiek jazotzeko arrisku faktoreak ere zerrendatu dituzte: lur eremu oso malkartsuak izatea, arrailak agertzea, iturburu edo putzuak egotea, hormak pitzatuta eta okertuta egotea... Kasu horietan geologoen azterketa bat beharrezkoa da: arriskua neurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.