Istripua Nepalen

Arrizibita: "Oraindik ez dugu barneratu gertatutakoa"

Nepalen jarraitzen dute Manaslun harri-jausi batek harrapatuta zauritu ziren mendizale nafarrek. Gaur beste hiru laguni eman diete senda-agiria; denak osatu zain daude Euskal Herrira itzultzeko.

Miguel Andres, Amaia Lasa eta Edurne Arrizibita, Nepalen. NARENDRA SHRESTHA  / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko irailaren 24a
16:57
Entzun

"Ostegunean izan genuen istripua, eta geroztik zurrunbilo batean harrapaturik gaude. Oraindik ez dugu gertatutakoa barneratu", dio Edurne Arrizibitak telefonoz bestaldetik. Manaslun (Nepal) jarraitzen du. Senda-agiria jaso du dagoeneko hark, eta badu etxera itzultzeko gogorik ere, baina lehenik taldeko gainontzeko kideak ondo direla bermatu nahi du. "Taldeko beste hiru lagunek jaso dute gaur senda-agiria, baina seik erietxean jarraitzen dute".

Mendizaleak harri-jausi batek harrapatu zituen Manaslu menditik gertu, trekking egiten ari zirela. Ezbeharrean bi xerpa eta Adolfo Ripa Arizala iruindarra hil ziren. Gainontzekoak helikopteroz erreskatatu zituzten eta Katmanduko erietxe batera eraman. "Benetan eskertu nahi dugu hemengo herritarrek emandako laguntza. Gurekin zeuden xerpek euren bizia arriskuan jarri zuten guri laguntzeko. Herriko jendea berehala etorri zen gu laguntzera. Ospitalean bertan ere oso tratu ona jaso dugu", azaldu du Arrizibitak.

Euskalerria Irratiari azaldu dionez, ordea, "zorte kontua" soilik izan zen onik ateratzea. "Bat-batean hots batzuk entzun ziren, eta hasi ziren harriak erortzen, kristoren harritzarrak, indar handiz, harri pilo bat. Eta, orduan, ahal izan genuen moduan gerturatu ginen alboan genituen arroketara".

Gaur hildakoen familiekin izan dira, bertako monastegian. Mendizale nafarrak azaldu duenez, bihar dituzte erraustekoak istripuan hildako bertako herritarrak. "Xerpez gain harri-jausiak ingurutik igarotzen ari zen emakume bat ere harrapatu zuen".

Euskal Herrira itzultzeko unea noiz helduko zain, jaso dituzten elkartasun mezuak eskertu ditu Arrizibitak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.