Artearen atea parez pare ireki nahian

Donostiako Arte Ederren eraikina okupatu dute ordu batzuez M-15 mugimenduko hiru gaztek. Antzokiak 30 urte daramatza itxita, eta hala «beste 30 urte» ez egoteko okupatu dute.

2014an mendeurrena beteko du Arte Ederren eraikinak. ANDONI CANELLADA  / ARP.
jon olano
Donostia
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Etena izan du 30 urteko itxialdiak. Ordu batzuetan, Donostiako Arte Ederretako eraikina okupatu zuten atzo hiru gaztek, eta barruak garbitzen eta txukuntzen aritu ziren. Antzokiak 30 urte daramatza itxita, eta barrura sartu zirenek «erabilera kulturala eta soziala» itzuli nahi izan zioten, ateak itxita dauzkala «beste 30 urte pasa ez daitezen». Udaltzainak bertaratu zirenean, hiru gazteak kalera atera ziren, euren kabuz.

Astearte iluntzean sartu ziren bi mutil eta neska bat eraikinera. Hori, ordea, atzo jakinarazi zuten, sarean. Twitterren bidez zabaldu zuten okupazioaren albistea, eta Urbieta61.wordpress.com webgunea atzo bertan jarri zuten lanean. Izan ere, Donostiako Urbieta eta Prim kaleen bidegurutzean dago antzokia. «Parlamentuetako politika antzerkia denean, antzokietara eraman behar da politika», dio webgunearen leloak. M-15 mugimenduko kide dira hiru gazteak; hala diote leihoetan zintzilikatutako pankarta batean. Horrez gainera, beste bi zintzilikatu dituzte: Autogestioa dio batek; 30 urte espekulatzen besteak.

Udaltzainak atzo bertaratu ziren eraikinera, 13:00etan, jabeen deia jaso ondoren. SADE Kirol eta Ikuskizunetako Sozietate Anonimoa da jabea, eta Internet bidez izan zuten okupazioaren berri, sozietateko gerente Koro Odriozolak jakinarazi zuenez. Udaltzainak 14:00 aldera sartu ziren antzokira, eta ordu erdi geroago atera ziren hiru ekintzaileak. Udaltzainek ez zuten inor atxilotu. Horrez gain, antzokiaren hustea dela-eta protesta egiteko, elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Donostiako Bulebarrean.

Ia ehun urteko ondarea

Ramon Kortazar arkitektoak diseinatu zuen Arte Ederren eraikina, 1914. urtean, eta, beraz, mendeurrena beteko du hiru urte barru. Donostiako Hiri Ondarearen Katalogoan jasota dago, eta hainbat erabilera izan ditu; azkena, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren entsegu gune.

Odriozolaren arabera, eraikina ez dago utzia, SADEk biltegi gisa erabiltzen baitu. Sozietateak Donostian kudeatzen dituen zinema aretoetako materialak biltzen dituzte han. Antzokia birgaitze aldera urteetan proiektu ugari aurkeztu dituztela azaldu du Odriozolak, baina gaineratu du proiektu horiek ez dutela aurrera egin. Protestaren xedea, besteak beste, antzokia «merkatutik at dagoen eta kultura irekia bultzatzen duen leku» bilakatzea zen, okupazioaren karietara sortutako webgunean adierazten dutenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.