INGURUMENA

Artikoa urtzearen eraginak, etxean bertan

Greenpeacek ohartarazi du uste baino azkarrago ari dela berotzen Artikoa, eta eragina iritsiko dela Euskal Herrira ere. Donostia jarri du adibide: urpean legoke Kontxa ingurua.

Artikoa urtzearen eragina Donostian. GREENPEACE
Garikoitz Goikoetxea.
2014ko apirilaren 22a
07:33
Entzun

Urrun dago Artikoa, eta izotzak urtzea kanpoko arazo gisara ikusten da. "Urtzea albiste txarra da Artikoarentzat, baina ez harentzat soilik: Artikoan gertatzen dena ez da Artikoan geratuko". Eragina mundu osora iritsiko dela ohartarazi du Greenpeace talde ekologistak. Euskal Herrira ere bai: itsas mailak gora egingo du izotza urtzearekin batera.

Donostiako adibidea jarri du Greenpeacek. Bi argazki, aurrez aurre: oraingoa bat, Kontxako badia eta Alderdi Eder ingurua bare-bare ageri dituena; bestea hemendik urte batzuetara ikus litekeena, Alderdi Eder ingurua bera ere urpean lukeena.

Artikoak mundu osoarentzat duen garrantziaz ohartarazi nahi du, gisa horretara, Greenpeacek: eguzki izpietatik babesten du izotzak planeta, klima erregulatzen du, berotegi efektua sortzen duten gasak atxikitzen ditu... Artikoa urtzeak, hortaz, berotegi efektua azkartu egingo lukeela azaldu dute.

Muturreko klimarantz
Egungo norabidea aldatu ezik, kutsadura mugatu ezik, eragin handiak izango dira Euskal Herriko kliman ere: tenperatura altuagoak, euri gutxiago, denborale gehiago... Eraginak dagoeneko hasiak direla ohartarazi du Greenpeacek. Eta ez dira iragarpenak, egitateak baizik: mundu osoan, 2013a izan da urterik beroena 1850etik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.