Espainiako fiskal nagusi Candido Conde-Pumpidok eta Estatuko Abokatuak Abertzale Sozialisten Batasuna (ASB) alderdia legez kanpo uzteko eskatu ostean, alderdi horren defentsari atzoamaitzen zitzaion alegazioak aurkezteko epea, baina epe hori agortu egingo dute. Alegazioak aurkeztuko dituzte, baina astelehenean, grazia egunean. 15:00etan amaitzen zaie horretarako epea. Halaber, egun horretan bertan amaitzen da hautagaiak aurkezteko epea.
Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko Salak erabaki behar du ASB legez kanpo utzi edo ez, eta astelehenean bertan bilduko direla jakinarazi dute sala osatzen duten 16 magistratuek. Alegazioak iritsi izan balira, atzo biltzekoak ziren.
61eko salak alegazioen aurrean hartutako erabakiei helegitea jartzeko aukera izango dute gero aldeek, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta hark ez du erabakia hartzeko mugarik izango.
Ezker abertzaleak martxoaren 27an erregistratu zuen ASB alderdia Espainiako Barne Ministerioan, eta behin baino gehiagotan azaldu duenez, Espainiako Alderdien Lege «antidemokratikoak» esaten duena bete egiten du alderdi horrek. Hala ere, Batasunaren «jarraipena» izan daitekeela iritzita, alderdia legez kanpo uzteko eskatu zuten Estatuko Fiskalak eta Estatuko Abokatuak.
GARZONEAE-ANV-RI BEGIRA. Bestalde, EAE-ANV ikertzeko eskatu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek. Guardia Zibilari, Espainiako Poliziaren Informazio Unitate Zentralari (UCI), Espainiako Poliziari eta Ertzaintzari eskatu zizkion txostenak, joan zen asteartean. Zehazki, EAE-ANV Batasunaren egiturako parte den edo ez ikertzeko eskatu du.
Bihar eskuratu nahi du informazio hori Garzonek, hau da, hautagai zerrendak aurkezteko epea amaitu baino egun bat lehenago.
Epaitegiko iturriak aipatuz hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, EAE-ANVk zer lan egiten duen jakin nahi du Garzonek, baina horretaz aparte, Batasunarekin zein lotura duen ere jakin nahi du. EAE-ANV Batasunaren egituraren barruan dagoen edo ez, hango kideak Batasuneko kideak ere badiren eta EAE-ANVko kideek Batasunaren aginduak jarraitzen dituzten edo ez ikertzeko eskatu du.
Espainiako Polizia eta Guardia Zibila ari ziren EAE-ANVri buruzko ikerketa horiek egiten Garzonek agindu aurretik ere, hala agindu baitzien Estatuko abokatuak eta Fiskaltzak.
ASBren defentsak astelehenean aurkeztuko ditu alegazioak legez kanporatzearen kontra
Auzitegi Goreneko 61 sala alegazioen zain dago, ASBren auzia lehenbailehen erabakitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu