Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen diputatuak goizean egin du aurkezpena alderdiak Donostian duen egoitzan. Adierazi du «umiltasun eta ilusio osoz» eman duela izena, eta «elkarrizketarako» eta «itun handietarako» prest agertu da gizarte politikei bultzada emateko, ez kontu «identitarioetan» aritzeko. Esan du «atea zabalik» daukala gainerako alderdiekin hitzarmenak egiteko, baina «helburu etiko batzuk oso argi egon behar direla». Era horretan, EH Bilduri zuzendu zaio, eta argi utzi du koalizio abertzaleak oraindik «bide bat» daukala egiteko eta «gutxieneko etiko batzuk» betetzeko.
ETAren eta COVID-19aren biktimak oroitu ditu aurkezpenean, eta esan du «askatasuna, demokraziaren defentsa, berdintasunaren borroka eta justizia soziala» defendatuko dituela. Gainera, Gipuzkoa «bidezkoago eta jasangarriago» baten alde egin du, ekonomia «berde eta zirkularra» izango duena. PSE-EEk euskal gizartearen «benetako arazoak» lehenesten dituela esan, eta berriro errepikatu du alderdia kontu «identitarioetatik» aldentzen dela: «[PSE-EEk] Batzen gaituen horretan jartzen du arreta, ez gizartean tentsioa sortzen duten planteamendu identitarioetan». Halaber, azpimarratu du alderdiak pluraltasuna errespetatzen duela, eta LGTBI kolektiboaren aurkako eraso «zentzugabeak» eta genero indarkeria gaitzesten dituela.
Urriaren 3ra arte egongo da zabalik hautagaitzak aurkezteko epea, baina, inor gehiago aurkeztu ezean, Asensio izango da Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia. Hala bada, egun Eneko Anduezarena den postua eskuratuko du.
Bizkaian, Torres
Bizkaian, Mikel Torres Portugaleteko alkateak bakarrik aurkeztu du hautagaitza oraingoz. Torres egungo idazkari nagusia da, eta, inor aurkezten ez bada edo hauteskundeak irabazten baditu, hirugarren agintaldia izango du Bizkaiko PSE-EEren buru.