Nafarroako Kutxa

Asiain: "Ekaitz handiari, itsasontzi handia"

Nafarroako Kutxako presidente ohiak defendatu du CAN ez zela desagertu, eta Bankiaren erreskate aurreko zein osteko Luis De Guindosen bi dekretuei aurre egiteko babesleku egokiena Caixabank izan zela. Argi utzi du aurrezki kutxak bakarrik ez lukeela iraungo: "Ekaitzari aurre egitera aterkirik gabe ateraz gero bustitzeko arriskua duzu".

Jose Antonio Asiain eta batzordeko presidente Unai Hualde, gaur, Parlamentuan. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2018ko irailaren 28a
07:57
Entzun

Desagertzea ez, eraldatzea bai. Jose Antonio Asiain CANeko kontseilari ohi eta presidente ohiak, gaur, ikerketa batzordean, orain arteko bertsio ofizialari heldu dio neurri handi batean. Bere ustez, aurrezki kutxa gehienak bere jarduera banku bati eman dioten fundazio bihurtu dira, eta horietako batzuk, gainera, Espainiako Bankuak erreskatatu behar izan zituen. Hala, bere ustez, gaur egungo ikuspegitik, CAN nahiko onik atera da. "Egun fundazio horiek, legez, bakarrik gizarte ekintza egin dezakete, eta Caixabanken baitan, gizarte ekintza handienetakoa du CAN fundazioak, egun", azpimarratu du.

Hala ere, Espainian finantza krisiari aurreko egiteko ezarritako estrategia bai jarri du zalantzen. "Alemaniako aurrezki kutxek arazo handiagoak zituzten, baina ez zitzaien ezarri hemen egin diogun kirurgiarik. Azkenean boterea duenak legedia bere interesen arabera egiten du", aipatu du Parlamentuko goizeko agerraldian. Goizean, UPNko Luis Zarraluki eta Geroa Baiko Koldo Martinezek itaundu dute. Beste egun batean jarraituko du agerraldiak..

Koldo Martinezen galderei erantzunez, onartu du 2007tik 2017ra arte CANek 958 milioi euroko ondare galera izan zuela. Zifra handi horretatik 435 milioi Banca Civicaren bateratze prozesuari dagokio, 510 milioi 2011n talde hori burtsara atera izanaren doikuntzari, eta 12 milioi euro kontu tekniko bati.

Asiainek Martinezi ihardetsi dio, dena den, alde handi horrek erantzuten diola 2007an "kontabilitate balioaren arabera" neurtzen direlako baliabide propioak, eta burtsan denetik,  merkatuko prezioaren arabera; hots, bere hitzetan, balorazio desberdinek eragiten dute neurri batean alde hori: "Gaur egun, batez beste burtsan Europako bankuek bere kontu liburuen erdia balio dute, neurri batean inbertsiogileak ez direlako erabat fidatzen finantza sistemaz", azaldu du eta gaineratu: "Antonio Machadok esan zuen gauza bat dela balioa eta bestea prezioa".

Asiainek bere agerraldian, defenditu du Nafarroako Kutxaren tamaina bereko "ezein aurrezki kutxak" ez dutela, egun, finantza jarduera egiten duen bankuaren kontrolik. Kutxabank-en kasua aipatu dio Martinezek baina, Asiainen arabera, Kutxabank-en %56 BBK-k du, eta haren "kontrolpean" dago bankua, nahiz eta Kutxak %32 eta Vitalek %11 izan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.