Valledupar hiriko aireportura iritsi dira orain dela ordu erdi bat bi askatu berriak eta askapenaz arduratu diren bitartekaritza batzordeko hainbat kide, helikopteroz. Nazioarteko Gurutze Gorriko eta bitartekaritza batzordeko Carlos Riosek hitz hauek eskaini dizkio Euskadi Irratiari: "Bi bahituak askatu dituzte. Valledupar hirira iritsi dira, eta baldintza fisiko onean daude biak, eta orain euren senideen esku utziko ditugu".
Nazioarteko Gurutze Gorriak jarritako helikopteroa gure arratsaldeko laurak laurden gutxi aldera irten da Valledupar hiriko aireportutik. Barruan bitartekaritza batzordeko kideak eta Kolonbiako herri defendatzailea ziren. Bi ordura, helikopteroa aireportura itzuli da, eta une horretan uste izan da barruan zetozela Asier Huegun donostiarra eta Reinhilt Weigel alemaniarra, eta albiste agentziek beren askapenaren berri eman dute. Ez da hori gertatu ordea. Carlos Riosek zehaztu duenez, ELNko gerrilariek urrunagoko toki batera bideratu dutela helikopteroa eta hara joan ahal izateko, erregaia hartzera itzuli dira aireportura. Horrez gain, askapen espedizioko hainbat kide helikopterotik jaitsi dira, pisua arintze aldera.
Azkenean, gure 6:25 aldera iritsi da albistea. Nazioarteko Gurutze Gorriak Reuters agentziari baieztatu dio helikopteroa Valleduparrera zihoala eta bertan zituztela bi askatu berriak. Huegun eta Reinhilt irailaren 12an bahitu zituen ELN gerrilak Sierra Nevada de Santa Martako 'Ciudad Perdidan' aztarna arkeologiko batzuk bisitatzen ari zirenean. Oraindik lau israeldar eta britainiar batek segitzen dute ELNko gerrilarien eskuetan.
Bahiketa Kolonbian
Asier Huegun eta Reinhilt Weigel aske dira, eta Bogotara bidean jarriko dituzte
Asier Huegun donostiarra eta Reinhilt Weigel alemaniarra Nazioarteko Gurutze Gorriaren esku dira ELNren esku bederatzi aste eman ondoren. Bi bahituak Valleduparrera iritsi dira dagoeneko, eta Gurutze Gorriaren ordezkariek bi askatu berriak osasunez ondo daudela dion arren, azterketa berri bat egin behar diete biei. Gurutze Gorriko iturriek diotenez, orain Bogota hiriburura eramango dituzte biak. Asier Huegunen gurasoak Bogotan daude, semea etxera noiz ekarriko zain. Berria.info-k jakin ahal izan duenez, Asier Huegunek eta bere amak elkarrekin hitz egitea lortu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu