Mugimendu negazionistek salatu ohi duten puntuetako bat izan ohi da gaitzaren sintomarik ez duten pertsonak (asintomatikoak) ez direla arriskutsuak: ez dutela gaitza kutsatzen, sintomarik ez dutelako; are gehiago, galdetzen dute zergatik jokatu behar duten gaixo baleude bezala, sintomarik ez izan arren; asintomatikoek maskarak erabiltzea eta etxean badaezpadako itxialdiak egitea zentzugabea iruditzen zaie.
Adierazpen horiek ez dute oinarri zientifikorik; Miren Basaras eta Guillermo Quindos EHUko irakasle eta mikrobiologoek ez dute zalantzarik. Basarasek azaldu du birusek eta haien tankerako mikroorganismoek «gaixotasun espektro zabala» sor dezaketela, sintoma ugariekin. Eskala batean kokatu litezke ondorio horiek: COVID-19a duten pertsona batzuk asintomatikoak izan litezke, edo sintoma arinak izan ditzakete, edo larriak, edo kronikoak, edo hil egin daitezke. Momentu jakin batean asintomatikoa izateak, gainera, ez du esan nahi gerora gaixotuko ez dela.
Eta garrantzitsuagoa: koronabirus honen kasuan, sintomarik ez edukitzeak ez du esan nahi pertsona horrek ezin diola mikroorganismo hori beste pertsona bati transmititu. Hori ere bada COVID-19aren ezaugarrietako bat, izan ere, eta ezaugarri horrek haren kontrola zailtzen du, gainera. Quindos: «Asintomatikoak izan zein ez, eritasuna modu arinagoan zein larriagoan izan, SARS-CoV-2 birusak infektatutakoek pertsona ez-immuneak kutsatzeko adinako karga birala dute arnas aparatutik jariatutako tantetan».
Kutsatuen erdiak inguru
Asintomatikoek ere birusa transmititzeko gaitasun bera dute, beraz. Sintomak izatea edo ez izatea ez baita kutsatzeko arriskua neurtzeko adierazle esanguratsua; hori baino garrantzi handiagoa du karga biralak —norberak daukan birusak zenbateko indarra duen, nolabait esanda—. COVID-19aren kasuan, gaitzaren transmisioa murriztea eta kontrolatzea zailtzen du horrek, ikusi baitute birus hau eduki arren asintomatikoak diren pertsonen kopurua altua dela. Ez dago behin betiko daturik horren inguruan, baina kasu positiboen erdiak izan litezke Nafarroan, azkeneko asteetan atzemandako kasuen %40 inguru izan dira sintomarik gabekoenak—. «Baina, sintomak izan zein ez, behin kutsatuta bagaude eta birusa gure barnean baldin badago, ondoan dauden pertsonak kutsa ditzakegu hizketan egiterakoan, arnasa kanporatzerakoan eta beste hainbat ekintzatan», zehaztu du Basarasek.
Umeak ere kutsatzen direla azaldu dute; agian gutxiago, baina kutsatzen dira, negazionistek erlatibizatzera jotzen duten arren. «Beharbada izango da haien arnas aparatuan ACE2 hartzaile gutxiago daudelako S proteinarentzat, eta hori da koronabirusaren giltza zeluletan sartzeko», azaldu du Quindosek. «Gainera, helduek eta batez ere adinekoek baino koadro kliniko arinagoak izan ohi dituzte haurrek. Edonola ere, orain arteko datu guztiek erakusten dutenez, heldu batek bezalaxe transmiti dezakete gaitza haurrek».
Bat dator Basaras, eta «edozein» kutsa daitekeela erantsi du: «Berdin du zein adin, sexu edo kondizio izan». Baina ume gehienak asintomatikoak izateak edo koadro kliniko arinagoak izateak ez du esan nahi beti horrela denik: «Ikusi dira ume batzuk koronabirusarengatik ezohiko pneumoniak edo organo batzuetan hanturazko sindromeak izan dituztenak». Neurria eman behar zaio: gutxitan gertatzen da, baina badira halako kasuak ere.
Garrantzitsua iruditzen zaie asintomatikoei ere azterketa egitea, kasu horiek ere testekin detektatzea, ahal den neurrian bakartzea, haiek ere maskarak erabiltzea... Sintomarik ez duen jende askok birusa transmiti baitezake oharkabean. Basaras: «Sintomak hain larriak direnez, gaitza mundu osora zabaldu denez, hildakoen kopurua altua denez, tratamendu eraginkorrik ez dugunez, immunizazio maila eskasa denez, eta pandemia batean murgilduta gaudenez, lortu behar da birusaren transmisioa ahalik eta gehien kontrolatzea, eta horregatik hartzen dira prebentzio neurri zorrotzak, sarritan herritarren gustukoak ez izan arren ezinbestekoak direlako transmisioa eteteko». Hiesarekin alderatu du: «Hiesaren garai gogorretan hartu ziren prebentzio neurri zorrotzek lortu zuten sexu bidez transmitituriko gaixotasun askoren zabalpena etetea; adibidez, sifilisa edo gonorrea».
Negazionistek ez diote zentzurik ikusten asintomatikoei beste gaixoei adinako kontrol neurriak jartzeari, eta kontrol neurri hutsa direla salatzen dute. Mikrobiologoei burugabea iruditzen zaie argudio hori. Honela erantzun du Quindosek: «Gizarte bat kontrolatzeko kanal eta mekanismo anitz dituzte gobernuek. Inozo samarra iruditzen zait pentsatzea osasun neurri prebentibo batzuk direla kontrol mekanismo garrantzitsuenak, badaudenean efikazagoak eta diskretuagoak diren metodo teknologiko eta psikologikoak. Edozein gobernuren kontrol autoritarioa saihestu behar baldin bada, hau da benetan garrantzia duena: herritarrek kultura demokratikoa izatea eta gobernuei gardentasuna eta egiazkotasuna exijitzea haien jardunean, pandemiak gertatuedo ez».
BIHAR: PCR testak.
Koronabirusa. SERIEA. Uste ustelak (IV). Asintomatikoak.
«Asintomatikoek ez dute kutsatzen»
COVID-19aren pandemia ukatzen duten korronte batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu