Joseba Asiron Iruñeko alkateak “konfiantza osoa eta babesa” adierazi dio Aritz Romeo Herritarren Segurtasunerako zinegotziari. Larunbateko istiluen ostean Udaltzaingoa behar bezala ez defenditzea aurpegiratu eta haren dimisioa eskatu dute UPNk eta PSNk. Horren aurrean Asironek erantzun die udaltzainak “arma politiko gisa” erabili nahi dituztela.
Sarasate pasealekuko eraikin bat okupatu zuen Hirekin gazte mugimenduak, eta eraikina husteko operazioak polemika handia eragin du, udaltzainek borra luzagarriak erabili zituztelako. Operazioa Fermin Otamendi guardiako epailearen aginduz egin zela jakinarazi zuen Aritz Romeo zinegotziak; Nafarroako Justizia Auzitegiak atzo epaileak Udaltzaingora egindako deiaren transkripzioa bidali zuen, epaileak eraikin barruko okupatzaileak identifikatzeko agindu zuela zehazteko. Transkripzioan, baina, islatzen da agindua anbiguoa izan zela, eta hustea nahi zuela interpreta litekeela. Otamendik ez zuen auto judizialik igorri, eta dei hori egitera mugatu zen.
Gertaeren harira, Romeok istiluen erantzukizuna norena izan zen argitzeko ikerketa abiatu du. Romeoren azalpenen aurrean, UPNk goizean zinegotziaren dimisioa galdegin du, “hiriko segurtasuna ez dagoelako nahikoa bermatua”. Ana Elizalde UPNko zinegotziaren ustez, “erabat deitoragarria da Nafarroako Justizia auzitegia Romeoren adierazpen batzuk gezurtatzera atera izana”.
Elizalderen arabera, “Romeok bere burua zuritu eta Bilduren akolitoak kontent uzteko epaileen zein polizien jardunbidea zalantzan jarri izana onartezina da”. UPNk eskatu du ireki den ikerketa prozesuan Iruñeko Udala akusazio partikular gisa aurkezteko. Asironi azalpenak emateko exijitu diote: “Inork ez daki zer pentsatzen duen alkateak”.
Asironen azalpenak
Handik gutxira, Iruñeko alkateak Aritz Romeo defenditu du. Deigarria egin zaio UPNk eskatzea Iruñeko Udala akusazio partikular gisa aurkezteko, baldin eta UPNren agintaldiko urte guztietan ez bazen inoiz halakorik egin, “ezta Euskal Jai gaztetxearen hustearen moduko askoz gertaera larriagoen aurrean ere”. Asironen arabera, UPNk “Iruñeko Udaltzaingoa arma politiko gisa erabili nahi du”.
Larunbateko gertaeren harira, Asironek azaldu du uneotan informazioa biltzen ari direla. EH Bilduk udaltzaingoaren erantzuna “neurri gabekoa” izan zela adierazi ostean, Asironek ez du irakurketa politikorik egin nahi izan. “Alkateari dagokion ardura instituzionalari eutsi nahi diot”. Era berean, Fermin Otamendi epailearen eta Udaltzaingoaren telefono deiari buruz ere ez du hitz egin nahi izan.
“Beste polizia eredu baten alde”
Atzean, arazo bikoitza ikusten du. “Batetik, beste polizia eredu baten alde lan egiteko beharra adierazten digu, herritarrengandik gertu egongo den polizia bat”. UPNren urteetan, Simon Santamaria udaltzainburuak polizia eredu “militarista” ezarri zuen, eta Asironek gogorarazi du udal gobernura iristean ez zegoela "ez girorik ez lasaitasunik lan egiteko”.
Bestetik, alkateak nabarmendu du etxebizitzaren arazo larriari heltzea dutela lehentasun. “Legealdi amaieran ikusiko dira emaitzak”.