Jose Ramon Lopez de Abetxuko Gasteizko presoa gaur goizean irten da Villabonako kartzelatik, eta atarian harrera egin diote lagun eta senideek. Lopez de Abetxuko larriki gaixo dagoen presoetako bat da. Hala ere, osorik bete du zigorra espetxean. 68 urterekin gelditu da aske.
Larriki gaixo egonagatik, Lopez de Abetxukok ez du zigor aringarririk izan. Horrez gain, Espainiak ez dizkio ezarritako zigorretik murriztu Frantziako espetxeetan egin zituen hiru urteak.
Gasteizen, hainbat ekintza egin dituzte Lopez de Abetxukoren egoera salatzeko. Horien artean, hura libre uztearen aldeko mobilizazioak, 2.500 sinadura baino gehiago bildu zituen kanpaina eta haren askatasuna eskatzeko Arabako Batzar Nagusiek onartutako mozioa —EAJ, Bildu eta EBren aldeko botoekin—.
Gasteizko Sare plataforma herritarrak eman du Lopez de Abetxukoren irteeraren berri.
Jose Ramon Lopez de Abetxuko kalean da jada!!! Larriki gaixo dago eta zigorren batuketak eraginda 29 urtez egon da espetxeraturik!!! Sentsazio gazi-goxoa, kalean egotearen poztasuna ta kondena osorik betetzearen haserrea. #OrainPresoak#BadaGaraiapic.twitter.com/ATqnumUAQ2
— Sare Gasteiz (@SareGasteiz) 2018(e)ko uztailaren 5(a)
Pedro Sanchez Espainiako gobernura iritsi denetik aldaketak eman dira espetxe politikari buruzko diskurtsoan; gaixo dauden presoak eta 70 urtetik gorakoak hurbiltzen hasiko dela jakinarazi zuen pasa den astean Espainiako Gobernuko presidenteak kazetariekin izandako bilera informal batean. Egun Etxerat eta Jaki Hadiren arabera hamar euskal preso baino gehiago daude larriki gaixo Espainiako kartzeletan; hiru dira 70 urte baino gehiago dituztenak.
Ez du inor ezustean hartu Sanchezek espetxe politika aldatzeko adierazitako asmoak. Odon Elorza PSE-EE-ko diputatuak alderdi barruan kontsentsu osoz hartutako erabakia dela adierazi zuen, eta gobernua babesten duten alderdi guztiak "begi onez" ikusten dutela. EAJko Jokin Bildarratz ere baikor azaldu zen politika aldaketarekin. Sanchezi diskurtsoak utzi eta ekintzetara jotzeko eskatu zien. Bide beretik jo zuen Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak ere eta zuhurtasuna eskatu zuen.
Etxerat, baikor azaldu zen gobernu berriaren jarrera aldaketa eta diskurtsoarekin atzo egin zuten prentsaurrekoan. Hala ere, presoak lehenbailehen gerturatzea beharrezkoa dela adierazi zuen Urtzi Errazkin bozeramaileak.