EUSKAL HERRIA

Aske Gunea beteta, zortzi zigortuei babesa adierazteko

Auzitegi Gorenak iragan astean berretsi zien seina urteko espetxe zigorra, eta haiek atxilotzeko agindua eman dute. Edozein unetan atxilotu ditzakete zortziak. Donostiako Bulebarreko Aske Gunera joateko eskatu du Eleak mugimenduak. Eguerdian elkarretaratzea egin dute. Bideoa: eguerdiko elkarretaratzea eta adierazpenak. [Youtube]http://youtu.be/aIOzpJ0Oqd8[/Youtube]

jon olano
2013ko apirilaren 16a
22:31
Entzun

Egun osoan zehar bezala, 21:30ean ere jendez lepo zegoen Donostiako Bulebarra, "24 orduz" zigortutako gazteak jendeak babestea zen helburua, eta gauean ere saiatuko zirela zirudien. Ekaitz Ibero joan den asteazkenean atxilotu zutenean bezala zortzi gazteak babestea da asmoa. Eta gauean ere hori izango da. Aske Gunean pasako dute gaua gazteek eta horiei babesa eman nahi dieten guztiek.

Donostiako zortzi gazte zigortuak atxilotzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak, Eleak mugimenduak jakinarazi eta Ainhoa Baglietto abokatuak BERRIAri baieztatu dionez. Auzitegi Gorenak atzo zortzi berretsi zuen Auzitegi Nazionalak ezarritako seina urteko espetxe zigorra, eta atzo eman zuten atxilotzeko agindua. Edozein unetan atxilotu ditzakete.

Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi zigortu zituen auzitegiak, Segiko kide izatea egotzita. Ekaitz Ibero, Igor Alvarez, Urko Pikaza, Asier Mariezkurrena, Unai Perez, Pello Lamarca eta Beñat Apalategi absolbitu egin zituen.

Donostiako Bulebarrean dagoen Aske Gunera joateko deia egin dute, “herri harresia eraikitzea delako gazteak eramaten ez uzteko bide bakarra". Bertan dira zigortutako gazteak. Egunero, taldeka lagundu dituzte etxetik Aske Gunera eta handik etxera.

12:00etan elkarretaratzea egin dute Aske Gunean. 300 pertsona inguru elkartu dira, eta "Ez diegu utziko eramaten" eta "Desobedientzia, elkartasuna" oihukatu dute. Egun osoan zehar izango dira aurrerantzean gune horretan, lo ere gazte zigortuekin egingo baitute herritarrek.

 

AskeGunea. Libre eta legala lelopean egin dute elkarretaratzea. Han izan dira, besteak beste, Maite Aristi Amaiurreko diputatua, Xabi Soto EH Bilduko kidea eta Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako koordinatzailea. Agirrek salatu du "Madrilen eta Parisen bakearen aurkako eragile aktiboak" daudela, "bakearen etsaiak".

Txerra Bolinaga Eleak-eko bozeramaileak nabarmendu du "24 orduz" emango dietela babesa gazteei. Uste du "oso argi" geratu dela Aske Gunera bildutako jendearen konpromisoa. Berretsi du zigortuak ez direla "bakarrik" geratuko.

Gune hori antolatu zuten zigorraren berri jaso zutenean, eta babes zabala jaso dute astebetean. Gainera, milaka pertsona batu ziren joan den larunbatean Donostian, gazteei babesa adierazteko. Asteazkenean, Aske Gunera sartu zen Ertzaintza, Ekaitz Ibero atxilotzeko —beste auzi batengatik zigortu dute—. Ostiralean, berriz, ehunka pertsona elkartu ziren gune horretan bertan, bertso saio bat entzun eta gazteei elkartasuna azaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.