Ez ditu lehen uholdeak Patxi Tamesek (Burgos, Espainia, 1952). Gipuzkoako Diputazioko teknikaria da, Ingurumen eta Obra Hidraulikoen Zuzendaritzan. Ibai ondoetan lanean hasi behar dela dio. Jardunaldi batzuetan izan zen atzo, Elgoibarren (Gipuzkoa). Izenburua, aproposa: Uraren kultura berria: teoriatik praktikara.
Kalte batzuk saihets ote zitezkeen?
Gauza asko saihets daitezke hirigintza egokiarekin, ez egun batetik bestera. Prebentzioa eta hirigintza planak egin behar dira kontuan hartuta Urumearen ibarra urez bete daitekeen zabaldi bat dela, ibaiak denbora jakin batean behin hartuko duela. Hor eraikiz gero, berriro ere izango da arazoa.
Eskarmenturik ez dugu hartu?
Gutxi. Uholdeak iristen direnean ahoa betetzen zaigu: «Bai, ondo egin beharra dago»... Eta gero hutsak egiten dira berriro ere.
Martutenerako bada plan bat.
URA agentziak egindako proiektu zabal bat da. Konplexua da, eta hirigintzan eragin handi samarrak dauzka. Hiru aldetan egiten ditu proposamenak: ibaia bideratzea, ahal bada gutxi; leku batzuetan etxeak kentzea; eta zubietan eragitea. Ibaiari berari eragiten zaio, bai, baina nahitaezkoa da.
Plan zabala, baina geldirik dago.
Milioi asko dira, eta erakunde asko daude tartean. Gertatu denak mugituko du kontua. Donostiako alkateak interesa azaldu du. Arazoa da Gipuzkoan ibarretan eraiki dugula, ez soilik Martutenen. Badaude leku arazotsuak, eta egongo dira: oso ibai motzak dauzkagu, malda handikoak. Gainera, plubiometria oso handia da, penintsulako handiena, batez ere Añarbe-Artikutza-Leitzaran inguruan; euria erruz egiten du. Eta euria egin eta errekatik jaisten oso denbora gutxi pasatzen du: emari handia izaten dira ibaiek.
Eta ibaiak? Garbitzen dira?
URA agentziak badauka horretarako talde bat. Baina, noski, egongo dira zikin dauden lekuak. Dragatzeekin daude arazo handiak. Ingurumenaren ikuspegitik, dragatzea ez da ona. Hor desadostasunak egon daitezke: batetik, arduradun politikoak eta bizilagunak; bestetik, teknikariak. Aske utzi behar zaio ibaiari, den bezala jarduten, ez kanal baten gisan. Gai korapilatsua da.
Arazoak saihesteko, beraz, ezin da kanalizazioetara jo etengabe?
Oker handia litzateke. Ibai izateari utziko liokete; kanalak lirateke. Ildo bat indarra hartzen ari da: ibaien ezaugarri hidrogeomorfologikoei garrantzia eman behar zaie, ekosistemak babesteko. Horren atzean dago ibaiari aske uztea, bere erara uztea. Hori egin leku batzuetan, baina argi izan behar da: hirigintza arazorik edo arriskurik ez dagoenean, onena da ibaiari natural egoten uztea. Era horretan, gainera, atzeratu egingo ditugu uholdeak.
Eta urbanizatutako guneetan?
Saiatzen ari gara uraren bideetatik kentzen. Baina beti dauzkagu arazo horiek: 1953, 1983, 1987... Oraingoa handia izan da, baina ez 1983koa adinakoa. Aldian-aldian gertatzen dira, eta gertatuko dira.
Kalte txikiagoak orain. Prest gaudelako edo euri gutxiago egin duelako?
Euri gutxiago egin du, bai, baina hobetu dugu. Badaude neurgailuak, eta abisuetarako sistemak funtzionatu du. Nik lanean ezagutu nituen 1983ko uholdeak; batzuetan ez genekien ibaia gora edo behera ari zen, ez genekien zer gertatzen zen; soilik genekien hondamendia zegoela eta ibaiak atera zirela. Orain, une oro jakin dugu ibaiak zein mailatan zeuden, gorantz edo beherantz ari ziren, iragarpenak egin zitezkeen... Asko aurreratu da horretan.
Erakunde asko daude tartean: udalak, diputazioak, Jaurlaritza, ur konfederazioak... Bada koordinaziorik?
Guztia hobetu daiteke, baina egunotan koordinazioa egon da. Diputazioa, adibidez, SOS Deietako kideekin eta URAkoekin egon da, eguraldi adituekin... Informazio trukea etengabe egon da. Krisi mahaian guztiak han zeuden, eta egon zen koordinazioa.
Martutenen, kexu dira Añarbeko urtegiarekin. Egoera okertzen du?
Añarbe, gutxi gorabehera, %90 zegoen beteta euriak hasi zirenean. 9,5 hektometro kubiko ur atxiki zituen; asko da. Gauerdira arte hala segitu zuen. Orduan hasi zen zerbait askatzen; ordurako, uraren maila beheratua zen. Añarbek eragin ona izan du uholdeen eragina gutxitzeko. Beldur gisako bat sortzen du Añarbek. Zail egiten zaigu pentsatzea ibaiak hain azkar igotzen direla. Baina hala da; modu naturalean egiten dute.
Eta ibaietan dauden beste egitura hidraulikoek ere eragin ona dute?
Ibaietako urtegi txikiek uraren maila handitzen dute, eta ez dute on egiten horrelakoetan. Botatzea mesede da bi aldetatik: ibaiari modua jartzen zaio egoera naturalera itzultzeko, arrainen mugimendua errazten da, eta, gainera, uholdeak gutxitzeko balio du. Asmoa dugu erabiltzen ez direnak kentzen segitzeko. Ibaien egonkortasuna da gehien zaintzen diren aldeetako bat, ibaiak beren egoera naturalera itzularazteko. Izugarria da Gipuzkoan utzita dauden urtegi txikien kopurua. Batzuek balio historikoa dute, etauzten ari gara, baina beste batzuk enbarazua besterik ez dira.
Patxi Tames. Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoetako teknikaria
«Aske utzi behar zaio ibaiari, den bezala jarduten»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu