Larunbatean atxilotu zituen Ertzaintzak, ezker abertzaleari 'Demokrazia Orain' lelopean manifestazioa egitea indarrez galarazi ondoren sortutako istiluetan. Haiei liskarretan parte hartu izana egotzi zien Ertzaintzak.
Bilboko manifestazioan larunbatean atxilotutako zazpi lagunak aske utzi ditu azken orduetan Ertzaintzak. Ezker abertzalearen D3M plataformari Demokrazia Orain lelopean manifestazioa egitea indarrez galarazi ondoren sortutako istiluetan atxilo hartu zituzten ertzainek zazpi lagunak, liskarretan parte hartu izana leporatuta.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonek debekatu zuen manifestazioa, eta Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailari hura eragozteko agindu zion. Hala, Bilboko kaleetan milaka herritar bildu ziren arren, manifestazioa behar bezala egitea eragotzi zien Ertzaintzak, kaleak hartuta eta pilotakadaka eta borraka manifestariak sakabanatuta. Demokrazia zero, PNV español, in-de-pen-den-tzia! eta antzeko leloak oihukatu zituzten herritarrek, eta manifestazioa egiteko modurik ez zutela ikusirik, inguruko kaleetan bat-bateko protesta eta manifestazio txikiak egin zituzten, ertzainak atzetik segika zituztela. Gazte batzuek zabor edukiontziak gurutzatu zituzten, eta haiei su eman, Ertzaintzaren ibilgailuei bidea oztopatzeko. Istilu larriak izan ziren Bilboko erdiguneko kaleetan, hainbat ordutan.
Nahiz eta hasieran atxilotuak bost izan zirela aditzera eman, azkenean, zazpi izan ziren guzira. "Desordena publikoa" egotzi die Eusko Jaurlaritzako Barne sailak horietako gehienei, eta hiruri "autoritateari atentatu egitea" ere.
Bilboko alkate Iñaki Azkunak (EAJ) gogor kritikatu zituen istiluak, eta soilik ezker abertzaleari leporatu zion errua: "Epaile batek zer edo zer debekatzen dienean, ahulenaren aurka jotzen du jende horrek, kalean dagoen jendearen aurka. Zergatik birrintzen digute hiria hau gertatzen den guztietan?".
Aske utzi dituzte Bilboko manifestazioan atxilotutako zazpi lagunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu