Ikasle Abertzaleek jakinarazi dutenez, lau dira atxilotuak: Etxarri Aranatzen, Uharte Arakilen, Burlatan eta Iruñean atzeman dituzte. LOMCEren aurkako protestetan parte hartzea leporatzen diete. Atxilotuetako bi adingabeak dira, eta Andra Mari ikastolako ikasleak.
Topatu.eus atariaren arabera, ikastetxerako bidean atzeman dute bat, eta ikastetxera joateko autobusaren zain zegoela beste bat. Iruñeko polizia etxera eraman dituzte eta bertan ari dira deklaratzen. Hirugarrena Nafarroako hiriburuan atzeman dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoko IAk eman du laugarren atxilotuaren berri.
Operazioa salatu egin dute, bai Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak baita Ikastolen Elkarteak ere. "Ez haien familiei ez inorri jakinarazi gabe gauzatu dira atxiloketak; eta familiek lekukoen bitartez izan dute horren berri", adierazi du Andra Mari ikastolako zuzendaritza batzordeak, ohar batean. Ildo beretik, adingabeen eskubideak urratu egin direla salatu du Ikastolen Elkarteak. Horregatik, elkartasuna adierazi die ikasleei, haien familiei eta Andra Mari ikastolako komunitate osoari. Halaber, LOMCE legea aplikatu ez dadin, lanean segituko dutela adierazi dute ikastolen arduradunek.
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua LOMCE legea aplikatzen ari direla salatu eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko, protesta jendetsuak egin zituen ikasle mugimenduak martxoan. Euskal Herri osoan 15.000 ikasle mobilizatu ziren, eta istiluak izan ziren Gasteizen eta Iruñean. Hamahiru lagun atxilotu zituzten.