Donostiako 65 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Benidormen (Alacant, Herrialde Katalanak), haren emaztea udalerri horretan bizileku zuten etxebizitzako balkoitik -12. solairuan dago- erori eta hil ondoren, baina atzo gauean aske utzi zuen Espainiako Poliziak, kargurik gabe.
Gizonezkoak 2005ean zazpi hilabete egin zituen espetxean emazteari tratu txarrak eragiteagatik, eta duela bi aste emakumeak senarraren kontrako salaketa jarri zuen berriro, baina epaiketarik ez da egin oraindik.
Emazteak 54 urte zituen, eta bera ere Donostiakoa zen. Itxura denez, senar-emazteek urtebetetik gora zeramaten Benidormen bizitzen; batez ere, Alacant kanpoko jendea bizi den etxebizitza eraikin batean bizi ziren. Oporretako aski leku ezaguna da Benidorm, eta Euskal Herriko jende asko joaten da bertara.
Emakumearen gorpuari egindako autopsiak, oraingoz, ez du argitu leihotik behera norbaitek bultzatu zuen. Gizonak lotura oro ukatu zuen hasieratik jazoerarekin.
Zenbait bizilagunek jakinarazi dute bikotekide bien arteko harremana oso gaiztotuta zegoela, eta senarrak maiz jotzen zuela emaztea. Bizilagunetako batek azaldu du emakumeak azaldu ziola ezin zuela gizona urruntzeko agindurik eskatu, etxebizitza ordaintzeko aski diru ez zuelako berak bakarrik. Emaztea balkoitik behera erori bezperan ere, bikoteak liskarra izan zuela azaldu du bizilagunak, eta Poliziari dei egin ziola andreak.
Emaztea astelehen arratsaldean bostak jo berritan zendu zen. Espainiako Poliziari hots egin zioten azalduz emakume bat etxeko balkoitik behera amildu zela Cenit izeneko eraikinean, eta heldu zirenerako hilotz zen.
Aske utzi dute Benidormen leihotik jausita erorita hildako emakumearen senarra
Gizonak genero indarkeriagatik zazpi hileko kartzelaldia bete zuen, eta duela bi aste senarraren kontrako salaketa jarri zuen berriro emakumeak. Hala ere, kargurik gabe libre utzi dute. 65 eta 54 urteko senar-emazteek urtebete zeramaten Benidormen bizitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu