Emakume baten hilotza aurkitu zuten atzo arratsaldean Asparrenean (Araba), gasolindegi baten ondoan. Alemaniako emakume bat dela jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko iturriek, eta Europatik jasoa zutela desagerpenaren abisua; Alemanian bertan desagertu zen. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, gizon bat atxilotu dute Espainia hegoaldean, hilketa leporatuta.
Alemaniako Poliziak duela egun batzuk eman zuen emakume hori bilatzeko eskaria, familiak salaketa jarri baitzuen desagertuta zegoelako. 28 urte zituen. Hedabide batzuen arabera, duela astebete ikusi zuten azken aldiz, Alemaniako zerbitzugune batean, auto-stop egiten. Azaldu dutenez, Poliziak susmoa zuen emakumea Espainiako Estatuko zerbitzuguneren batean zegoela.
Agindu hori jaso eta gero, Ertzaintza emakumearen bila hasi zen. Atzo, 15:20an aurkitu zuten hilotza, Asparrenean, A-1 autobidearen alboko gasolindegi baten inguruan. Autopsia egingo diote orain, desagertutako emakumea dela baieztatzeko eta nola hil zen argitzeko. Jakinarazi dute, nolanahi ere, indarkeria zantzuak dauzkala gorpuak.
Ertzaintzak gorpua aurkitu bezain laster, Asparrenera joan zen segizio judizial bat, hilotza eramateko; Gasteizko auzitegi medikuntzako institutura eraman zuten ondoren, autopsia egiteko. Gasteizko auzitegiak hartu du kasuaren ardura, eta sumarioaren sekretua agindu du.
Bost emakume hilik
Indarkeria matxistaren hipotesia baieztatzekotan, aurten Euskal Herrian hildako bosgarren emakumea litzateke. Lehenak Florentina eta Maria Jose ama-alabak izan ziren, 63 eta 43 urtekoak. Apirilaren 20an hil zituen alabaren bikotekideak. Hurrena Roxane izeneko emakume bat izan zen, 32 urtekoa. Apirilaren 28an bide bazter batean agertu zen hilotza, Donibane Garazin; bikotekide ohiak autoz harrapatu zuen. Laugarrena, Rejane Delattre, 70 urtekoa; maiatzaren 2an tiroz hilda agertu zen, Bidarten (Lapurdi). Senarra atzeman zuten. 2017an sei andre eta haur bat hil zituzten indarkeria matxistagatik.
Indarkeria matxista
Asparrenean, andre bat bortxaz hilda azaldu da, eta gizon bat atxilotu dute
Hilotza gasolindegi baten aldamenean aurkitu dute. Alemaniako 28 urteko emakume bat da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu