COVID-19aren kontrako txertaketa kanpainaren abiada biziaraztea helburu, prozesuari beste bultzada bat ematea erabaki du Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak. Asteazkenetik, aldez aurretik ordurik eskatu beharrik gabe ere hartzen ahalko da zizta. Nafarra izan edo herrialdean bizi den 12 urteko herritar orok egiten ahalko du urratsa. Oraingoz, Foremen egoitzan irekiko dute horretarako bidea, asteko egun guztietan, 08:30etik 19:00etara.
Gobernuak azaldu duenez, aski izanen da nortasun agiria edo osasun txartela erakustea. Gainera, orduantxe zehaztuko diete txertoaren bigarren dosia hartzeko eguna eta ordua ere. Halaber, osasun agintariek argitu dute orain arteko bideak, hau da, zita eskatu eta emandako dataren arabera txertaketa gunera bertaratzeak, bere hartan segituko duela oraindik ere.