LGTBI+ kolektiboa

Asteburuan Bilbon gertatutako eraso homofobo bat salatu dute kalean

Igande goizaldean bi gaztek eraso bat jasan zuten, eta astelehen arratsalde honetan elkarretaratze bat egin dute Unamuno plazan, E28 koordinakundeak deituta.

Ehunka lagun elkatu dira Unamuno plazan, erasoa gertatu zen lekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
2021eko uztailaren 12a
22:08
Entzun

Eraso homofoboak ugaritzen ari diren kezkari beste koska bat gehitu zaio asteburu honetan: larunbatetik iganderako goizaldean Bilbon bi gaztek eraso bat jasan zutela salatu dute, eta ehunka herritar atera dira gaur kalera, era horretako erasoak buka daitezela eskatzera. E28 koordinakundeak egin du deialdia, eta borobilean elkarretaratze bat eginez elkartu dira Unamuno plazan, erasoa gertatu zen leku berean. Ez dira pasako. Erasoen aurrean transmaribollo autodefentsa zioen pankarta batekin egin dute protesta, eta eraso homofoboek ezin dutela erantzunik gabe gelditu aldarrikatu dute, oihuka. Ez dutela beldurrik eta erasoei erantzungo dietela adierazi dute.

«Hemen gaude, homofoboei aurre egiteko», adierazi dute antolatzaileek, «ulertzen baitugu indarkeria homofoboa ez datorrela pedagogiaz alda ditzakegun pentsamolde atzerakoi eta errakzionario batzuetatik bakarrik. Gure bizitzen errepresioak, pairatzen dugun ordena politiko, sozial eta ekonomiko sendotzen laguntzen du».

Inplikazioa eskatu diete herritar eta eragileei. «Ekidistantziak ez digu balio. Zisheteropatriarkatuak, arrazakeriak eta kapitalismoak zeharkatzen gaituen pertsonok pairatzen dugun indarkeria sistematikoaren kontrako posizionamenduak behar ditugu. Isilik gelditzea, etxean gelditzea, ez da aukera bat».

Azkeneko asteetan homofobiaren aurka egiten ari diren protestak ugaritzen ari dira, erasoekin batera. Joan den larunbatean Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin zituzten manifestazioak. Uztail hasieran Donostiako gazte kuadrilla batek sare sozialetan egindako mehatxuak gaitzetsi zituzten; ekain bukaeran, Zornotzan (Bizkaia) gertatu ziren eraso homofobo batzuk. Duela hilabete Basaurin izan zen gisa bereko pasadizo bat, gazte homosexual bat jipoitu baitzuten kalean; eraso hura ere gogor salatu zuten. Gasteizen, berriz, pintaketa homofobo batzuk agertu ziren ekain bukaeran, Umandi ikastolan.

Eraso sorta horrek kezka piztu du, eta Bilboko Udalak ere gaitzespen ohar bat zabaldu du gaur goizean. «Giza eskubideen urraketa larria da indarkeria hori, eta lehen mailako arazo sozial bat, LGTBI pertsonen duintasunari eta osotasun fisiko eta moralari eraso egiten diona», adierazi du udalak. Alderdi politiko guztiek bat egin dute. Pertsonen sexu joeren eta izaeren errespetua eskatu du udalak, eta herritarrei eskatu die ez izateko LGTBI+ kolektiboaren kontrako indarkerien konplize.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.