Beldurra sentituko dute ehunka kilometrotako bidaiari ekiteko ibilgailuan berriz esertzen direnean. Istripuren bat izateko beldurra. Zauritzekoa. Hiltzekoa. Nolanahi ere, ez die beldurrak irabaziko, eta egin beharreko kilometro guztiak egingo dituzte preso duten senidea ikusteko. Gema Alonso eta Rosa Morenoren kasua da, baina Euskal Herrian beste hamaika lagunena ere izan daiteke. Bi horiek istripua izan dute azken asteetan: aurrenak, Iñaki Alonso anaiaren bisitatik bueltan, eta bigarrenak, Iñaki Arakama koinatuaren bisitara bidean.
«Euskal presoen eta haien senitartekoen senide edo lagun izatea ez da delitua», dio Alonsok haserre. Baina, errepidean milaka kilometro egiteko zigorra jartzen die haiei Espainiako Gobernuak. «Non dago gure bizitzeko eskubidea?», dio Alonsok. «Ez daukagu bizitzeko eskubiderik? Badirudi guretzat pribilegioa dela eskubidea izan beharrean». Zortearen mende daudela sentitzen dute: «batzuetan, zorte onaren mende, eta, besteetan, zorte txarraren mende».
Hala ere, alferrik ari direla ohartarazi die sakabanaketaren arduradunei: «Ez dute ezer lortuko. Pentsatzen baldin badute gure senideak bakarrik utziko ditugula, horrek esan nahi du inoiz ez dutela inor maitatu».
Susto ederra hartu zuten. Alonso Kordobara joan zen anaia bisitatzera, Donostian furgoneta hartuta. Bueltan Lopidanan gelditu zen, beste batekin autoan Bilbora joateko. Errepidea bustia zegoen, autoa labaindu eta bueltaka hasi zen. Erdibitzailearen kontrako kolpearekin gelditu zen. Erabat txikituta gelditu zen autoa, eta barruan zihoazen hiru lagunei lepokoa jarri behar izan zieten. Oraindik ere ez da osatu Alonso, asteazkenean hasi zen bizkarra osatzeko saio berezietan.
Ezina sentitu zuen batik bat. Autotik irten orduko inpotentzia latza sentitu zuen. Gainera, anaia preso duenetik bigarren istripua zuen. «Eta edozein momentutan bizitza gal dezakezu».
Kostu handia du senide bat preso edukitzeak. Koste humanoa ez ezik, denbora eta diru galera ikaragarriak ere eragiten ditu. Alonsoren anaiak aurten betetzen ditu 17 urte preso. Uste du denbora horretan hiru bider baino ez direla egon gurasoak eta seme-alabak elkarrekin. «Badakizu istripu bat edozein momentutan gerta daitekeela. Autoan hirurok batera baldin bagoaz, eta istripu larria gertatzen bada, preso dagoena bakarrik gelditzen da». Hori oso larria iruditzen zaie, eta ez dira bisitara batera joaten, eta oso gogorra egiten zaie.
Bide berriak ikasten
Sakabanaketak etengabeko leku aldaketa ere esan nahi du presoentzat. Iñaki Arakama presoaren koinata da Rosana Moreno. Presoa Sevillan ari da zigorra betetzen, baina Valdemorora eraman zuten, Auzitegi Nazionalean deklaratu behar zuelako. Beraz, Valdemoron egin behar zuten bisita. Haientzat espetxe berria zen, ez ziren inoiz han izan. Ez zekiten bidea, eta bidegurutze batean zalantzan ari zirela, errepideko erdibitzailea jo zuten. Autoak kalte handiak izan zituen, eta han zihoazen lau lagunek alokairuan hartu behar izan zuten beste ibilgailu bat, bisitara joan ahal izateko, eta ondoren etxera itzultzeko.
Istripua beraiek izan zuten, baina Moreno seguru dago kaltea presoarentzat ere badela. «Niri burura aurrena etortzen zaidana da presoak nola sentitzen diren haien senitartekoek istripuren bat dutenean. Presoentzat ere zigor gehigarria da hori».
Alonsok argi dauka: «Inondik inora ez dago justifikatuta. Orain ez du zentzurik sakabanaketak, baina aurretik ere ez du izan, inoiz ere ez du izan. Lortu nahi izan dutena kolektiboa apurtzea izan da, baina badakite hori ez dutela lortuko. Senideen kontrako zigorra bihurtu da».
Sakabanaketaren zentzu bakarra mendekua dela dio, berriz, Morenok. «'Zer gehiago egin diezaiekegu?' pentsatzen dute, eta bururatzen zaiena egiten dute. Beti daude pentsatzen zer gehiago egin dezaketen, baita beraien legeak urratu behar badituzte ere».
Astebururo, bizia arriskuan
Euskal preso politikoen bisitara bidean egin behar izaten dituzten kilometroak istripuen eragile izaten dira askotan. Senideek badakite arriskuan daudela sakabanaketaren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu