Laida Mugika. Ikastolako presidentea

«Astez aste harritzen gaitu»

Guy Poulou Ziburuko auzapezak, Seaskarekin eta gurasoekin haserre, argindarra moztea deliberatu zuen joan den astean. Gurasoak diote ez dutela ulertzen auzapezaren jarrera.

I. Cuevas
Ziburu
2014ko azaroaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Kaskarotenea ikastola 2012an sortu zen. Bi urteko hitzarmena izenpetu zuten Ziburuko Herriko Etxearekin Marinela auzoan egoteko. Lehen urtea «ongi» pasatu bazen ere, berehala hasi ziren bi aldeen arteko gatazkak. Ikastolaren ibilbidea zein umeen eta gurasoen bizipenak kontatu ditu Laida Mugikak (1978, Ibarra, Gipuzkoa).

Nola igaro dira Kaskarotenearen lehen bi urteak?

Ongi; hasiera aski zaila izan zen, prefabrikatuak falta genituelako, eta sartzea Urruñako ikastolan egin behar izan genuen. Guy Poulou Ziburuko auzapeza, sartze eguna pusatzen ari zen, eta azaroan baizik joan ginen Ziburura. Hiru haurrekin hasi ginen, eta laster beste bat etorri zen, laugarrena. Pixkana handituz joan ginen, eta urtea zazpi umerekin bukatu genuen. Haurrak biziki kontent ziren.

Lehen urtea egokitze urtea izan zen: gurasoak nola antolatu, bulegoaren funtzionamendua... Hasieran, ez genuen kantina eskaintzen, eta eguna amaituta, 16:30ean, gurasook umeen bila joan behar genuen. Urtarrilean laguntzaile bat hartu genuen, eta eskaintza horiek bete ahal izateko aukera izan genuen. Bigarrenean, berriz, bagenekien azken urtea gelditzen zitzaigula Marinelan. Guy Poulouk ikastola kolegiora mugitzeko proposamena egin zigun. Zentzugabea iruditzen zitzaigun, eta kasurik ez egitea pentsatu genuen, beste aterabide bat bilatuko genuela pentsatuz.

Nola hartu dute urmeek egoera?

Oso desberdina da gurasoen eta haurren bizipena. Ikastolaz dioguna entzuten dute etxean, Poulou eta Dubarbieren izenak ere ezagutzen dituzte, eta badakite ez ditugula maite [irriak]. Baina egunerokoan, ongi hartu dute egoera. Astelehenean, adibidez, irakasleak egoera esplikatu zien: zergatik etorri ziren esku-argi eta kandelekin. Haurrek egokitzeko ahalmena dute, eta, jolasean segitzeko aukera baldin badute, ez die eragiten.

Nola baldintzatzen du Pouluren jokamoldeak eguneroko jardueretan?

Irailean zazpi eguneko epea eman zigularik ikastolatik joateko, denbora guzian hori pentsatzen genuen. Ahantzi gabe 100 euroko isuna, ikastolan gelditzen ginen egun bakoitzeko. Sostengua jasoko genuela pentsatzen genuen, baina ezin jakin noiz arte. Egunak pasatzen ziren, eta uxerra ez zen pasatzen, ezjakintasunean bizi ginen. Egoera berezia zen.

Argindarra moztu dizue herriko etxeak orain. Nola iragaten dira klaseak?

Lehen eguna argindarrik gabe hasi genuen; eskerrak oraindik eguraldi aski ona egiten zuen. Eguerdian, argindarra sortzeko makina piztu genuen, baina segituan itzali behar izan genuen, harrabots handia egiten zuelako eta umeak siestan zirelako. Horrez gain, berogailuak ez ditu behar bezala berotzen gelak, eta hiru ordutik behin, ezantza bota behar zaio, bestela gelditzen da.

Nola eragingo luke orain ura moztuko balu?

Ez dakit. Ura, argindarra eta hesiak kenduko zizkigula mehatxatu zigularik, aterabideak pentsatzen hasi ginen. Argindarrarentzat, argindarra sortzeko gailua. Hesia kentzen bazigun, horren ordez jarriko genuen hesia egin genuen, eta ura kentzen badigu zisterna bat ekartzea pentsatu dugu. Baina ez da normala; atakatuko gaituen ororako aterabide bat bilatuko dugu, baina ez da normala. Zer egin dugu hau jasateko? Errabia ematen du.

Poulouk azaldu du «eraso» horiek ez direla haurren aurka, baizik eta Seaskaren eta gurasoen aurka.

Praktikan, haurren aurka ari da. Ulertzen dut ez dela umeekin haserre, baina haiek pairatzen dituzte ondorioak. Haurrak Xuritora eraman nahi izatea haurren aurkako eraso bat da. Haurrak horrelako harrabotsarekin eta baldintza horietan jarri nahi izatea haurren kontrako eraso bat da. Ez daki nola egin gure aurka jotzeko, eta min handiena egiten duen tokian ukitzen gaitu: gure haurrak.

Zuen haurrak ikastolatik ateratzea pentsatu al duzue noizbait?

Ez, ez bada Xuritora joaten baginen. Pentsa genezakeen agian guraso batek bere umea ikastolatik aterako zuela, eta ulergarria izanen zen, baina ez du nehork planteatu. Eraso horiekin lortzen ari den bakarra da gurasoen arteko elkartasuna eta borrokatzeko gogoa sendotzea. Harrigarria da Ziburuko ikastola jasaten ari dena. Guraso batzuk Parisetik heldu dira, eta harrituak dira: injustua dela diote. Horrek borrokatzeko gogoa ematen die, baina gure kezka nagusia ikastola hestea da.

Uste al duzu helburu hori lortzeko polizia bidaltzeko prest egongo litzatekeela?

Ez, ez. Baina ez nuen uste ere argindarra moztuko zuenik. Astez aste harritzen gaitu; beraz, nork daki, agian poliziak ere bidaliko ditu. Baina, horretarako, prefetaren baimena behar du, eta ez dakit prefetak halakorik onartuko lukeen.

Datorren urteari begira, ume gehiago espero dituzue ikastolan.

Bai, eta horrek presioa sortzen digu. Beste ezer lortzen ez dugun bitartean, hor geldituko gara, baina eremua txiki geldituko da. Sartu, sartuko gara, baina baldintza txarretan. Ezin gara hor egon: lehen maila bat sortu nahiko genuke, eta gauden lekuan ezin dugu. Horretaz gain, ez dugu aterperik... Eta, horren parean, eremu handia duen eskola publikoa dugu.

Zer harremana duzue eskola publikoarekin?

Harreman ona dugu. Irakasle eta zuzendariarekin mintzatu gara, eta jenatuak direla esan digute, nola gauden ikusten dutenean. Gurasoak gure alde dira, gure borroka ulertzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.