Vilassar del Mar herrian (Bartzelona, Herrialde Katalanak) zaborra atez ate biltzen da. Oso herri gutxitan egiten da halakorik. Eskualdean errauste planta bat dute, baina atez ateko bilketarekin hasi zirenetik nabarmen egin du behera errausten duten zabor kopuruak. 2002ko abenduan hasi ziren. Orduan, hondakinen %88 erraustu egiten zuten; gaur egun, ordea, soilik %35. Vilassar del Mar udaletxeko ingurumen teknikaria da Jordi Colomer eta ostegunean Donostian izan zen atez ateko bilketa nola egiten duten azaltzeko. Sistema horrek oso emaitza onak eman dituela agerian utzi zuen.
Gipuzkoan errauste plantaren inguruko ika-mika bizirik dagoen honetan, zer ikasia franko eman dezake Vilassar del Mar herriko esperientziak. Puntuz puntu labur daitezke esperientziaren nondik norakoak:
-Lekua: Vilassar del Mar, Baix Maresme eskualdean dago (Bartzelona). Eskualdeak 320.000 biztanle inguru ditu eta Vilassar del Mar herriak 20.000. Dentsitate handiko herria da (172 herritar/ha) eta etxebizitza gehienak solairu askotakoak dira.
-zabor produkzioa eta 2001eko egoera: Maresme eskualdean errauste planta bat dago eskualde osorako, Mataron. 1995ean jarri zen martxan eta urtero 166.000 tona erretzeko gaitasuna du. Nolanahi ere, urtero 220.000 tona zabor sortzen da eskualdean. Vilassar del Mar herriak, esaterako, lehen errauste plantara eraman zezakeena baino %35 zabor gehiago sortzen zuen urtero. Beste datu batzuk ere eman zituen Jordi Colomer Vilassar del Mar herriko ingurumen teknikariak. Maresmen zaborraren %20 baino gutxiago biltzen zen gaika; materia organikoan, esaterako, %1 baino ez zen biltzen. Vilasar del Mar herrian bilketa edukiontzien bitartez egiten zuten, baina materia organikorik ez zuten jasotzen. Zaborraren %88 erre egiten zuten.
Errauste plantan tratatu zitekeena baino zabor gehiago sortzen zenez, errauste planta handitzea proposatu zen 2001ean, planta ireki eta sei urtera. Vilassar del Mar herrian, ordea, bestelako neurri batzuk hartu behar zirela erabaki zuten eta gaikako bilketa eraginkorraren eta birziklatzearen aldeko neurriak hartu zituzten. Proposatu zituzten lau aukeren artean, atez ateko gaikako bilketa egitea erabaki zuten.
ghelburuak: Atez ateko gaikako bilketaren bitartez, helburu batzuk ezarri zituzten: Generalitateak ezarritako legea betez, materia organikoa biltzea; zaborra gaika jasotzea; gaikako bilketa %12tik %60ra pasatzea;errauste plantan hirugarren labearen beharrik ez izateko, errausketa erdira jaistea; eta herritarren parte hartzea bultzatzea.
-atez ateko gaikako bilketa: 2002ko abenduan jarri zuten abian. Sistema horren bitartez, astean zortzi gaikako bilketa egiten dituzte: astean hirutan materia organikoa jasotzen dute; astean bitan ontziak; papera astean behin; beira astean behin; eta birzikla ezin daitekeen zaborra ( zigarrokinak, pixoihalak...) astean behin. Zabor bakoitzak bere eguna du. Herritarrek bost zabor ontzi edo poltsa ezberdin dituzte, eta zabor mota bakoitza bere ontzian sartzen dute. Herritarrek 20:00etatik 22:00ak bitarte atera behar dute zaborra; hau da, astelehenean materia organikoa tokatzen bada, poltsa hori bakarrik atera dezakete. 23:00etan hasten dira zaborra biltzen.
Jordi Colomerrek azaldu zuenez, bilketa hainbat modutan egiten da. 20 etxebizitza baino gehiagoko etxeek normalean beren edukiontziak izaten dituzte eta zaborra edukiontzi horietara botatzen dute. Edukiontzi horiek izateko tokirik ez duten etxeen kasuan, zabor biltzaileek edukiontzi bat jartzen diete atarian, zaborra horra bota, eta gero berriz pasatzen dira jasotzeko. Banakako etxebizitzen kasuan, etxeko atarian uzten dute zakarrontzia. 20:00etatik 22:00etara zaborra ateratzeko aukerarik ez dutenentzako sei edukiontzi daude herrian. Atez ateko bilketa abian jarri zenean, herrian zeuden edukiontzi gehienak kendu egin zituzten: 300 zeuden lehen, eta egun sei.
-informazioa: Colomerren esanetan, sistema abian jarri aurretik, herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko kanpaina ugari egin zituzten. Diru asko gastatu zuten. Bere irudiko, halako zerbait abian jartzeko informazio ona eta eraginkorra ezinbesteko elementua da. Egun herritarren %80k sailkatzen du zaborra; lehen %15ek baino ez.
-emaitzak: Atez ateko bilketak emaitza positiboak izan ditu orain artean, Colomerren hitzetan. Hasieran jarritako helburuak lortze bidean dituzte. Bi urtean gaikako bilketa %18 izatetik %65 izatera pasatu da. Horrek askoz zabor gutxiago erretzea ekarri du, eta, askoz zabor gehiago birziklatzea eta konpostatzea. Sistema horrekin hasi aurretik %80 erre egiten zuten, eta, egun, %35. Hala, egun kontratatutako zabor kopurua baino askoz gutxiago erretzen dute errauste plantan; eta soberan dutena saldu egiten dute. Diru iturri bihurtu dute sistema eta horrek zaborraren tasa ez igotzea eragin du. Materia organikoa konpostatu egiten dute.
-gastuak: Herritarren zabor tasa ez da ia batere igo. Urtero herritar bakoitzak 102 euro ordaintzen du. Zaborra biltzeagatik gastuak nabarmen handitu badira ere, beste diru iturri batzuk lortu ditu Udalak.
-mataroko errauste planta:
Mataroko errauste planta 1995ean jarri zuten abian eta 2012 arte jardungo duela dago aurreikusita. Eskualdeko herri guztiek atez ateko bilketa egingo balute, bigarren labea ez litzatekeela beharko uste du Colomerrek: «Labe bakar batek funtzionatzeko ez litzateke abian izango errauste planta, ekonomikoki oso garestia delako. Beraz, birziklatu ezin den zaborra beste era batera tratatu beharko litzateke».
Abian jarri zenetik plantaren funtzionamenduan arazoak izan dira. Urtean labe bakoitzean bi neurketa egiten dituzte. «Kontrol zehatzik ezin da egin, oso garestia delako», azaldu zuen Colomerrek. Behin tximiniatik baimendutakoa baino askoz dioxina gehiago atera zirela esan zuen. Bestalde, 2001ean egin zen azterketa epidemiologiko batek ondorioztatu zuen errauste plantaren inguruan bizi ziren herritarrek odolean normala izaten dena baino %35 dioxina gehiago zituztela. Errauste plantak eragin ote zuen ez zuten baieztatu. Beste azterketa batean, errauste plantaren inguruko lurretan material astunak atzeman zituzten eta hori errauste plantarengatik zela ziurtatu zuten. Plantari buruz informazioa eskuratzea oso zaila dela salatu zuen Colomerrek, informazioa oso gutxiren eskuetan dagoela.
-gipuzkoan egin al daiteke atez ateko bilketa?: Gipuzkoan errauste plantaren auziak hautsak harrotu ditu eta errausketaren aurkako ahotsak ugariak dira. Alternatibak badaudela adierazi izan dute talde ekologistek. Jordi Colomerren ustez, borondate politikoa badago, edozer egin liteke: «Atez ateko gaikako bilketa abian jartzea oso zaila da. Herritarrak sentsibilizatu eta informatu egin behar dira. Hori da gakoa. Eta hori ondo egiten bada, bitartekoak jarri behar dituzte instituzioek».
HONDAKINEN KUDEAKETA
Atez ateko gaikako bilketa posible da
Vilassar del Mar herrian bi urtean zaborren %88 erraustetik %35 erraustera pasatu dira, bilketa egiteko eran dago gakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu