Alderdikeriak alde batera uzteko eta hondakinen kudeaketan irtenbideak bilatzen hasteko. Hori eskatu die Bilduk PSE-EEri eta EAJri. Horrela eginez gero, hiru talde politikoak elkar ulertzen hasiko direla adierazi du koalizioak: «Gauzak ongi egiten direnean, berdin dio alderdi batekoa ala bestekoa izan».
Lezoko alkate Ainhoa Zabalok eta San Marko mankomunitateko presidente Ainhoa Intxaurrandietak agerraldi bat egin zuten atzo, Bilduren izenean, Donostian. Gipuzkoako 34 herritan hondakinak gaika biltzeko sistema ezarriko dutela jakinarazi zutenetik EAJk eta PSE-EEk izandako jarrera salatu zuten.
Eztabaida esparru politikora ez dela eraman behar uste du Bilduk. Gipuzkoako PSE-EEko ingurumen idazkari Denis Itxasok iraganean atez ateko sistemaren aurrean izandako jarrera oroitarazi du Zabalok. Hain zuzen, Zabalok gogora ekarri du 2006ko maiatzaren 3an Itxasok BERRIAri esandakoa: «Errausketaren planteamenduak porrot egin du, eta ez du inolako etorkizunik». Itxasoren sinesgarritasuna auzitan jarri du Zabalok, eta azalpenak eskatu dizkio jarrera aldatzeagatik.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJko eledun Markel Olanori, berriz, itxurakeriaz aritzea leporatu dio Intxaurrandietak, atez ateko bilketaren gainean herrietan galdeketak egiteko eskatu baitio Olanok Bilduri. «Lotsa behar da! EAJk kudeaketa lanetan inoiz egiten ez duena besteoi exijitzea ez al da hipokrisia hutsa?», esan du Intxaurrandietak. Besteak beste, Pasaiako kanpoko kaiaz eta Zubietako errauste plantaz herritarrei galdetu ez izana egotzi dio Olanori.
Herritarren interesei muzin egin, eta eraikuntza enpresen alde jarri dira Olano eta Itxaso, Intxaurrandietaren esanetan. Bilduk, ordea, herritarren parte hartzea sustatuko duela defendatu du San Markoko buruak, eta eredugarritzat jo ditu Antzuolan, Hernanin, Usurbilen eta Oiartzunen atez ateko sistema ezarri aurretik eginiko prozesu parte hartzaileak.
Bestalde, PSE-EEk 87.650 eskuorri banatuko ditu atez ateko sistema jartzekotan diren 26 herritan, hondakinak biltzeko eredu hori «garestia, itxusia eta osasunaren kontrakoa» dela azaltzeko. Arrasaten, Bergaran, Zarautzen, Azpeitian eta Mutrikun banatuko dituzte, besteak beste. Gainera, sistema hori «inposatzea» erabaki duten herri guztietan mozioak aurkeztuko dituela iragarri du PSE-EEk.
Bildu gezurretan ari dela uste du PSE-EEko Gipuzkoako udal politikako idazkari Susana Corcuerak, ezinezko iritzi baitio hondakinen %80tik gora birziklatzeari: «Uste dute herrialde aurreratuenetan lortutako birziklatze maila gaindi dezaketela».
Hiru urte Usurbilen
Etzi beteko dira hiru urte Usurbilen hondakinak gaika biltzeko sistema ezarri zutenetik, eta, urteurrena ospatzeko, Gipuzkoa Zero Zabor elkarteak ekitaldi bat antolatu du iganderako herri horretan. Sistema horri atxikimendua azaltzeko aukera izango dute herritarrek, eta, atez atekoa jartzekotan, diren Gipuzkoako 34 herrietako ordezkariak izango dira bertan. Usurbilgo Dema plazara hondaki'nak biltzeko edukiontziarekin joatera dei egin die elkarteak herritarrei.
Atez atekoan alderdikeria baztertzeko eskatu die Bilduk EAJri eta PSE-EEri
Zaborren kudeaketan jarrera aldatzea egotzi diote Denis Itxasori, eta galdeketarik egin ez izatea Markel Olanori
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu